argia.eus
INPRIMATU
“Basozainak desagertzeko arriskuan daude Araban”
  • Zortzi mendi-guarda daude lurraldean, eta bi plaza kenduko ditu Diputazioak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko otsailaren 13a
Argazkia: Arabako Alea.

Arabako Basozain Profesionalen elkarteak ohartarazi du "desagertzeko arriskuan" dagoela basozainaren lana lurraldean. Zortzi guarda daude egun herrialde osoa zaintzeko: sei langile finkoak dira eta beste biak aldi baterakoak. Bada, elkarteak salatu duenez, Diputazioak aldi baterako kontratuak desagertu nahi ditu, plantilla murriztuz. "1991. urtean hamabi basozain zeuden Araban, eta bi plaza gehiago sortzeko eskatzen zuten, lana behar bezala egin ahal izateko. Egoera konpondu ezean, apiriletik aurrera, orain dela 28 urteko basozainen erdia izango gara". 

Basozainen elkarteak azaldu du egungo plantillarekin ezinezkoa dela basoen zaintza eta kudeaketa behar bezala egitea, lur eremu handiegia –50.000 hektarea inguru– egokitzen baitzaio basozain bakoitzari: "Zentzugabeko egoerak gertatzen dira; Aramaioko basozainari, adibidez, Araiako zonaldea  zaintzea tokatzen zaio". Gainera, bi plaza horiek galduz gero, asteburuetan pertsona bakar bat egongo da guardian herrialde osoan.

Arrantzari dagokionez, kudeaketa eta zaintza azpikontratatu egiten direla kritikatu dute basozainek.

Arazoari egiturazko konponbidea eman behar zaiola nabarmendu du elkarteak, baina bitartean bi plaza horiek mantentzeko galdegin diote Diputazioari: "Lanpostuak berreskuratzen diren bitartean programak berritzea eskatzen dugu".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIARa.