argia.eus
INPRIMATU
Basozain bat hil da Muxikan, lan istripuan
  • Asteazken goizean jazo da istripua. Honekin, 31 dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako pertsonak.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 07a

Pertsona bat zendu da asteazken goizean Muxikan (Bizkaia), basozain lanetan ari zela izandako lan istripuaren ondorioz. Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, larrialdi zerbitzuek goizeko 09:00etan jaso dute istripuaz abisu ematen zien deia. Medikua helikopteroz bertaratu da eta langilea artatu du, baina hil egin da.

Lan istripuaren nondik norakoak argitzear daude, eta Ertzaintzak gertakizunen bueltako ikerketa abiatu du, arrazoiak argitzeko.

LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 31 dira urte honetan Euskal Herrian lan istripuz hildako langileak. Muxikakoa, gainera, aste baten barruan jazotzen den bigarren lan-heriotza da; iragan astean, Durangon 22 urteko langile bat hil zen erori baten ondorioz.