argia.eus
INPRIMATU
Basoko langile bat hil da Ugaon
  • 51 urteko Gueñesko basoko langile bat hil da Ugaon, Bizkaian, zuhaitz bat gainera erorita. Urte honetan Euskal Herrian lanean hiltzen den zazpigarren pertsona da.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 18a
Argazki: LAB

51 urteko gizona atzo arratsaldean zendu zen, Ugaoko Usila auzoan zuhaitz bat mozten ari zela. Lankideek, erreskatatu eta osasun-zerbitzuak ohartarazi ahal izan zituzten. Larrialdi zerbitzuetako langileek susperketa lanak egin zituzten, baina, ez zen nahikoa izan eta arratsaldeko 16:00 aldera hil zen.

2020an, Euskal Herrian gutxienez 75 langile hil ziren lanean eta aurten jada zazpi. LAB sindikatuak babesa eta elkartasuna erakutsi die hildakoen senitarteko eta gertukoei. Basogintza sektoreko langileek istripu larri eta hilgarriak jasaten dituztela salatu du sindikatuak eta administrazio publikoei lehenbailehen "lan eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak" har ditzatela exijitzen die. Joaquin Beltranek oraindik desagertuta jarraitzen duela gogorarazi nahi izan du sindikatuak.

Laneko biolentzia arazo larria eta estrukturala dela adierazi dute, "inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena" dela zehaztuz. "Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu", azpimarratu du sindikatuak. Sarraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu beharra dagoela dio LABek, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.