Ilustratzailea eta biologoa elkarrekin ipuin bat egiten: Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-k eta Iñaki Sanz-Azkuek Basoko begiak haurrentzako liburua aurkeztu dute asteazken honetan. Lamiñarra argitaletxeak publikatu du Zugarramurdiko Sorginen Museoaren bultzada izan duen lan hau.
“Pixka bat arraroa da biologo batek haurrentzako album ilustratu bat egitea”, esplikatu du Sanz-Azkuek liburuaren aurkezpenean. Dena dela, hau ez da fikziozko istorioak idazten dituen lehen aldia, aurreko urteetan literatura lehiaketa pare batera ere aurkeztu baitzen, baita haietako batean sari bat jaso ere. “Baiz pertsona bat gustatzen zaiona gauza desberdinak jorratzea. Zergatik ez ipuin txiki bat egin?”.
Mitologiarekin lotutako ipuin bat idatzi zuen, etxeko haurrekin testatu zuen eta egindako lana ordenagailuko artxibo batean ez uzte erabaki zuen. “Oso garbi ikusi nuen norbaitek egin behar bazituen ilustrazioak, hori Ainara zela”.
Azpiazuk esplikatu duenez, proposamena iritsi zitzaion justu Zugarramurdiko Sorginen Museoarentzat lan batzuk entregatu berri zituenean. “Hara non bidaltzen didan Iñakik basajaunekin lotutako testu bat. Esan nion: ‘Jo Iñaki, oraintxe bertan entregatu ditut pertsonaia batzuen diseinuak, tartean Basajaun dago; eta nik oraintxe hau egiteko ikusten dudan aukera da hau Ainhoari aurkeztea. Ea aurrera ateratzen den’. Karanbola antzeko bat izan zen, hortik sortu da”.
Mieltxo izeneko haurra da ipuineko protagonista. Mieltxo eta aitonarekin batera egiten duen belar-meta. Baita inguruan dabilen hontz bat ere. Istorioko pertsonaia horietako bakoitzak esanahi diferenteak hartuko ditu ipuinean zehar, naturarekin dugun harremanaz, transmisioaz eta bizitzaren misterioez diharduen argitalpen berezi honetan.
Istorio irekia egin nahi izan dute, haurrei sormenerako aukerak ematen dizkiena. “Batzuek irakurtzean esan dezakete hau badela garai bateko ipuin kontaketa bat”, azaldu du Sanz-Azkuek. “Niretzat liburuko erronka nagusienetakoa izan da pertsonaia bat hiru pertsonaia zirela aldi berean: noiz egin bat, noiz egin bestea, noiz ez bata ez bestea... dena ezin da egina eman eta nire zailtasunak hor egon dira, dena bisualegi emanez gero magia kenduko niolako ipuinari”.