argia.eus
INPRIMATU
Basoko aitona-amonen istorio monumentalak
  • Marta Villotak eta Jonathan Rubinesek 35 zuhaitz esanguratsu ezagutzeko gida osatu dute; inguruko komunitateekin duten lotura berreskuratu dute. Hamar ibilbide proposatu dituzte, Araban.

Arabako Alea @ArabakoALEA Estitxu U. Lopez de Arkaute 2018ko uztailaren 26a
Munain eta Okariz arteko basoan dagoen haritz erraldoi bat.(Argazkia: PHOT.OK)

Hirietako alde monumentalek bezala, basoetako aitona-amonek ere istorioak gordetzen dituzte. Munain eta Okarizko ehun urtetik gorako haritzek, esate baterako, XVIII. mendeko basoen ustiaketaz hitz egiten dute. Zura ateratzeko, adarrak altuera jakin batean mozten zituzten, eta, horregatik, bertako zuhaitz zaharrenek argimutilaren forma hartu dutela; jardute horrek, gainera, izena eman dio basoari: Arimotx edo haritz motza. Herriko emakume batek gogoratzen du aita zerratzaileak kontatzen ziola erraldoi horiek botatzeak eta garraiatzeak kostu handia zekarrela, eta gainera, zaharrak zirenez, zulo asko eta usteldurak zituztela. Horregatik salbatu ziren garaiko ustiapen intentsibotik Munaingo eta Okarizko haritzak, eta horregatik ere, herritarrentzat baso ukiezinak eta sorginduak dira Arimotxes eta Arimotxis.

Ezagunagoa da agian Albertiako pago zaharrek gorde duten historia lazgarria: 1936ko urte bukaeran Araba berreskuratzeko saiakera egin zuten errepublikanoek, eta Legutio hartu zuten. Hamar egunez eutsi zioten, baina huts egin zuen Euzko Gudarostearen saiakerak; milaka gudari hil ziren Legutioko gudaldian. Errepublikanoen memoria gordetzen duen monolitoaren inguruan daude pago handienak. Haritzek ere lehentasunezko tokia dute dela gerraren eszenatokian dela mendez mende Legutioko biztanleen sinesmenetan; izan ere, Urbinatik Euskal Herri osora hedatu den ohitura zaharra da haritzak hernia sendatzeko balio duela.

Askoz istorio alaiagoak, edo bederen musikalagoak, kontatuko lituzkete Badaia mendilerroan dauden Resquicioko arteak eta Langraizko Gorteen aztigarrak, izan ere biak dira DJ Loro artistaren inspirazio iturri nagusiak. Perimetro ikusgarria du aztigarrak bere espezieko beste zuhaitzekin alderatuta: 3,64 metrorekin marka guztiak hautsi ditu. Resquicioko artea ere erraldoia da, 4,28 metroko perimetroko enborra du, eta lau metroko altueran zabaltzen da adaburu handia. DJ Lorori aitaginarrebak deskubritu dizkio paraje hauek; txikitatik eramaten zuen ganadua, herritik Badaiako mendilerrora, eta memorian gorde ditu Santorkarizetik Torkaladronera igotzen diren bideak eta inguruan dauden arte miresgarriak.

Izen propioak

Kondaira ikaragarriak kontatuko lituzke ere Arabako zuhaitz handienak, hitz eginez gero: Galarretako Aitonak 8 metroko diametroa du, eta 21,70 metroko adaburua. Haritz kandugabea arriskuan jarri zuten orain dela urte gutxi Korrosparriko presa eraiki zutenean, baina beste behin ere, salbatu zen zuhaitz historikoa.

Halaber, gizarte garatuaren atzaparretatik ihes egin duen erraldoien artean dago ere Crispinen Gaztainondoa. Apinaizko lursail batean ikusi daiteke, gris eta bakartia. XX. mendearen erdian, Gerardo Lopez de Gereñu etnografoak argazki bat egin zien zuhaitz erraldoiari eta bere jabeari, Crispin Martinez de Rituertori. Gaztainondo paregabea ikusi zitekeen argazki horretan; halere, 1988ko udaberrian sua eman zion ezezagun batek zuhaitzari, eta sutan egon zen, egun luzez. Crispinek txerto batzuk egin zizkion, eta ozta-ozta iraun du bizirik, gaur egun arte. 10,5 metroko perimetroa du enborrak, eta ziurrenik, Euskal Herriko garai bateko  gaztainondo handiena da. 

Argazkia: Arabako alea

Gorobelgo hagin galduak, Albeizko erkametzak, Zalduondoko haritzak… Hogeita hamabost izan dira, baino azkoz gehiago izan zitezkeen Marta Villotak eta Jonathan Rubinesek Euskal Herriko zuhaitz esanguratsuak ezagutzeko bildu dituzten ibilbideak: "Espezie askotako zuhaitzak bildu ditugu, gizarte, garai eta toki desberdinen istorioak kontatzen dira. Ez ditugu soilik zuhaitzik handienak bildu; alde kulturala eta soziala kontuan hartu ditugu, zer lotura izan duten herritarrekin eta zer historia duten atzean".

Hamar ibilbide, Araban

Biologoa da Rubines eta paisajista eta mendiko-ingeniaria Villota. Batera idatzi dute Rutas para descubrir ·arboles monumentales, Sua argitaletxearekin, eta orain dela gutxi argitaratu dute Euskal Herria izeneko bilduman. Guztira, 35 ibilbide proposatzen dituzte, Euskal Herri osoan, eta horietatik hamar Araban: "Araba da gehien ezagutzen dugun lurraldea eta ibilbide gehiago genituen, baina hautaketa egin behar izan dugu".

Albiste hau Arabako alea-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.