argia.eus
INPRIMATU
Basoilarra agertu da Larra-Belaguan, baina zer esatera etorri zaigu?
  • Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra azken izotzaldiaren lekuko fosila da kasik, eta klima aldaketaren eta ekosistemen galeraren adierazle izan liteke bere bisita, zer mezu dakarkigu gizakioi?

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko otsailaren 01
Bere kantu bitxiagatik eta basoko hegazti handiena delako da ezagun basoilarra, Euskal Herritik desagertzeko zori-zorian dagoena. Argazkia: Cima Norte

Apenas geratzen da basoilarrik jadanik Euskal Herriko mendietan. Azkeneko aleak aspaldi ikusi ziren Nafarroako Pirinioetan, Larra eta Belagua inguruan; ugariagoa den Aragoiko Pirinioetan, berriz, lehendik zegoen eremuen %40 ingurutik desagertu egin da azken urteetan, 2022an egindako ikerketa baten arabera.

Egunotan basoilarra Belaguako La Contiendako aparkalekuraino hurbildu da, gizakitik gertu eta jokabide arraroarekin, izutzeko imintziorik egin gabe. Horrek harridura eta kezka sortu ditu, izan ere, basoilarra oso hegazti zaurgarria da: ezkutuan egon ohi da, pinu beltzen artean, eta gizakia bizi den tokietatik oso aparte.

Adituen esanetan, baliteke neguko eguraldi beroak eraginda hartu izana jarrera hori –elurra erabat desagertu da Pirinioetan 2.000 metrotik behera–. Horrela kontatu dio Gabi Berasategi biologoak Euskalerria Irratiari: "Aemet agentziak berak esan du urtarril honek martxoaren antza hartu duela eta seguruenik bere jokabidean eta bizimoduan kalte egin du horrek".

Milaka urtez iraun du gure artean baina orain desagertzeko zorian jarri dugu, ez soilik negu honetako ez-ohiko beroagatik, baita horri gehituta bere ekosistema hondatu dugulako ere

Basoilarra araldian sartu da ohi baino azkarrago eta bere kantatokian emerik agertu ez denez, bere eremuetatik kanpo irten da haiek erakarri nahian, jendearengana hurbilduta –hainbat espeziek noiz edo noiz izaten duten jokabidea da hori–. Hala, Arlas mendi inguruetan eta La Contienda eski estazioan zeuden eskiatzaile eta mendizale zenbaitek haren kantu bitxia entzun dute.

Horrek, noski, arrisku handian jarri du basoko hegazti handiena den galiforme berezia –70 zentimetro neurtu ditzake–. Gizakiaren presentziarekin asko estresatzen da basoilarra, garrasiekin eta zakurren zaunkarekin esaterako, eta energia eta indar asko galdu dezake, oraindik negua den honetan. Basozainek operazioa jarri dute martxan, basoilar hori babestu eta ahal izanez gero bere ohiko tokiren batera eramateko.

Herritarrei eskatu diete ikusten badute ez daitezela hurbildu, ez dezatela argazkirik atera –debekaturik dago desagertzeko arriskuan dauden animaliei argazkiak ateratzea baimenik gabe– eta lehenbailehen abisatzeko basozainei.

Berasategik kezkaz hartu du albistea, eta nabarmendu du "oso zail" jartzen ari garela bizimodua halako espezieei: bateko basoen ustiaketa eta hesiak, besteko naturaren beraren prozesuak, eta mendiko beste jarduera batzuk, hala nola eski pistak, turismoa... "Bere ekosistema zatikatzea ekarri du", dio.

Pirinioetan bizi den basoilarraren azpi-espeziea azken glaziazioaren lekuko zuzena da, milaka urtez iraun du gure artean baina orain desagertzeko zorian jarri dugu. Ez soilik negu honetako ez-ohiko beroagatik, horri gehituta, baita bere ekosistema hondatu dugulako ere.

Basoilarrak ez du bere kantatokian inor aurkitu, baina ez du modurik beste kantatokietara joateko. Bioindikatzaile ezin hobea den heinean, gure etorkizunaren ispilu ere bada. Akaso hori esatera etorri zaigu?