argia.eus
INPRIMATU
Basoen kudeaketa jasangarria egiten duen Errez kooperatibaren autoari eraso egin diote
  • "Errezen kontra propio eginiko ekintza" dela uste dute kooperatibako kideek, "inguruan zeuden kotxeek ez baitute inolako kalterik jaso". Tristura eragin diela gehitu dute, baina lanean jarraituko dutela.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 24a
"Errezen kontra propio eginiko ekintza" dela uste dute kooperatibako kideek.

Autoan txikizioak apirilaren 22tik 23rako gauean egin zituzten. Errezeko kideek sare sozialetan jakitera eman dutenez, hau guztia da txikitu dietena: leihatilak, aurreko eta atzeko kristalak, faroak, atzerako ispiluak… baita kristalak garbitzekoak ere. Kooperatiba txikia direla eta halako erasoek min handia egiten diela azaldu dute: "Ezagutzen gaituenak badaki Errez bezalako proiektu txiki bati kalte handia egin dakiokeela dituen baliabide material apurrak suntsitzeak".

Eraso honek sortu dien "tristura" azaldu dute: "Etsigarria da. Oso gogorra. Baina, aldi berean, duela bost urte hasitako bide honetan berresteko beharra ere azpimarratzen digu. Beraz, zalantzarik ez izan, lanean jarraituko dugu".

Bost urte bestelako basogintza eredu baten alde lanean

Kooperatibako kideek balioan jarri dute orain arteko lana: "Bost urte pasa dira bestelako basogintza eredu baten aldeko bide hau hasi genuenetik, ilusioz, bertako basoak berreskuratzeko eta berauek modu jasangarrian ustiatzeko helburuari helduz".

Garazi Zabaletak artikulu honetan azaldu zigun Errez kooperatibak egiten duen lana: “Lehenago edo beranduago onartu, basogintza eredu honen bukaera iritsi da”