argia.eus
INPRIMATU
Baso jangarria mantentzeko gida
  • Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan.

IƱigo Arruabarrena 2024ko otsailaren 12a

Baso bat sortzea naturan ematen diren elkarreraginak errepikatzean datza, denboran ekosistemaren permanentzia eta independentzia bilatzeko asmotan. Aurrekoa buruan izanda, interakzioak egiteko espazio eta denbora diseinatu behar ditugu, energia minimo bat igorrita erantzun esanguratsu bat ahalbidetzeko. Hona hemen ekintza horiek burutzeko gida labur bat:

Diseinua: Garrantzitsua da hausnarketa prozesu bat egitea, behin landaketak eginda, ezingo direlako zuhaitzak mugitu. Atal honetan kontutan hartu beharrekoak: uraren mugimendua, sarbideak, eraikuntzak, animalien erabilera, ezagutza, dirua, denbora...

Landaketa: Diseinuaren arabera landaketak egin. Ez dago zertan denak urte berean egin, komeni da prozesua presa barik hartzea. Landaketa garai ona otsail ingurua izan liteke; zitriko zein ahuakateondoentzako, udaberria.

Neguko inausketa: Historikoki inausketak neguan egin izan dira gurean. Hala ere, esperientziak dio negua ez dela momenturik egokiena zuhaitza bortizki inausteko. Neguko inausketan punta nagusiak atximurkatzen dira, adar gaixo, makal edo animaliek erasotakoak mozteko, eta ipurditik jaiotzen direnak akabatzeko.

Udako inausketa berdea: Zuhaitzaren egitura eratzen duen inausketa nagusia egiten da berdetan. Garai egokia hostoa guztiz osatzen duenean izaten da, ekain inguruan, zuhaitzak zauria ixteko gaitasun handiagoa duenean.

Belarra moztea: Sega-makinarekin egin beharreko lana da, moztu ondoren, belarra zuhaitzen ipurdiaren inguruetan batu ahal izateko. Honek, zuhaitz inguruko lurra babestuko du, eta ura hobeto gordeko. Belarraren kontrola animaliekin egiten bada, interesgarria da André Voisinek azaldutako txandakako larretzea ondo planifikatzea eta diseinuan kontuan hartzea.

Ureztatzea: Ezinbestekoa da zuhaitzaren lehen urteetan lurra umel mantentzea. Urtearen arabera ur gehiago edo gutxiago behar izango du, eta urte batzuetan ez du ureztatzerik beharko.

"Moztu eta bota": Permakulturan hedatutako praktika da hau. Helburuak biomasa sortzea eta lurra ongarritzea eta egituratzea dira. Edozein espezie erabili daiteke honetarako, adibidez, akazia, paulonia edo eukaliptoa. Berragertze ona duten zuhaitzak dira erabilienak, behin landatuta, urtetan behin eta berriz moztu ahal izango direnak.

Ustekabeak: Prozesu honetan guztian, badaude planifikatu ezin diren hainbat gertaera, kontuan hartu behar ditugunak. Eratze prozesuan animalia basatiak sartu ahal dira jokoan, adibidez, zuhaitzak atera edota azala janez. Horiek saihesteko erabili daitezke babesak, plastiko edo metalezkoak.

Gaur egungo klima aldaketaren testuinguruan desastre ugari gertatu daitezke. Horien kontra ez dago zeregin handirik, baina suertatzen badira, prest egon beharko gara basoa lagundu eta kalteak murrizteko.

Gida honek baso jangarri bat mantentzeko ekintzak laburbiltzen ditu, gure energia eta indarra planifikatu ahal izateko. Lan handia ematen badu ere, garrantzitsuena prozesua bizitzea da, egunen batean fruituak gozatu ahal izateko. Hastea besterik ez da behar... Ekin!