Hausnarketa kritikorako gune izateko xedez, eta podcasten bidetik, lanari ekin dio Basilika kultur ekimenak. Gaur gaurkoz bost programa barnebiltzen ditu, eta lehenbiziko saioa jada entzungai dago webgunean..
Artistak, idazleak, zinegileak, ikerlariak, kazetariak... askotariko alorrretan aritzen diren lagunek osatzen dute Basilika ekimena. Hausnarketa kritikorako gune izan nahi du, "kultur aferek sarri izan ohi duten promozio logikatik harago heldu asmoz", eta podcasting espazio formatuan ekin dio bideari. Momentuz, bost programak ardazten dute ekimena, eta horiek independenteak dira, nahiz eta "elkarren artean etengabeko elkarrizketa" sortu.
Lehen saioa jada entzugai dago beren webgunean, eta Gorka Bereziartuak eta Beñat Sarasolak gidatutako Zeelanda Berria irratsaioari dagokio. Horrekin batera, ondoko programek osatzen dute zerrenda: Jone Uriarte eta Lur Olaizolaren Phoenix Ragazza, Irati Urrestarazu eta Shatsa Jauregiren Berdela, Jon Urzelairen eta Kepa Matxainen Sakoneta, eta Pablo Marteren Sector Conflictivo.
Ekimeneko partaideek azaldu dutenez, Donostia eta Bilbo artean oinarritutako "kezka-talde heterogeneoa" eta egiteko modu ezberdinak barne biltzen ditu Basilikak, asmoa zehatz batekin: kultur dimentsioko podcast-programa espezifikoak eta aldizkakoak ekoiztea. "Taldeak kultur ekoizpenari sakontasunez heltzeko nahia du, baina baita pentsamendu bakartitik ateratzeko, hedatzeko, loturak sortzeko nahia ere", adierazi dute.