argia.eus
INPRIMATU
Baserritik mundura, etorkizuneko elikaduraz jabetzeko
  • Martxan da Baserritik Mundura ikastaroaren bigarren edizioa. Gure elikaduraren etorkizuna jokoan izenpean, elikadura burujabetza eta agroekologiaz arituko dira ia urtebetez. 2017ko urritik 2018ko azarora bitartean ekitaldiak eta mintegiak antolatu dituzte EHUn eta hainbat herritan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 20a
Iazko edizioaz pozik agertu ziren antolatzaileak (Argazkia: elikaherria.eus)

Lehenengoa Villabuenan izango da, urriaren 20an, ostiralean eta Nekazaritzaren funtzioa XX. mendean izenpean. Egungo nekazaritzari kalte egiten dieten arazoek tokiko produktuei nola eragiten dien aztertuko dute. Andoni Garcia COAG eta EHNE Bizkaiako kidea, Esti Besa Etxalde Nekazaritza Iraunkorreko kidea eta Itxaso Compañon Mozo bodegako arduraduna izango dira hizlariak.

Ikastaroaren xedea euskal nekazaritzaren sektorea eta euskal baserritar erakundeak indartzea da, prestakuntza, ikerketa eta aliantzak zabalduz, beti ere, ikuspegi kritiko eta internazionalista batetik.

Antolatzaileak Etxalde Nekazari Mugimendua, EHNE Bizkaia, HEGOA Ikerketa Taldea eta EHU dira. Unibertsitateko formazio eta ikerketa eremuak zabaldu nahi dituzte, elikadura burujabetzan oinarrituta. Nekazaritza sektorean instalazio prozesuandagoen nahiz interes hutsa duen edonork hartu dezakeen parte ikastaroan.

Hamaika ikasgaietan banatu dute ikastaroa, eta landuko diren gaiek nekazaritzaren hainbat aurpegi azaltzen dituzte. Besteak beste, elikadura burujabetzarako politika publikoa, nekazaritza ekoizpenak eta elikagaien transformazioa edo nekazaritza feminista.  

Informazio gehiago hemen aurkitu daiteke.