argia.eus
INPRIMATU
Baserritarren isunen inguruko bilera eskatu dio Gipuzkoako Diputazioak Gizarte Segurantzari
  • 6.000 euro eta bi hilabeteko isunak ezarri dizkiete erretiratutako baserritarrei azoketan saltzeagatik. Hori dela eta irtenbide bat eskatzeko bilera eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Segurantzari. Ikuskapenek beldurra sortu dute Gipuzkoako azoketan; gutxienez dozena bat zigor ezarri dituzte jada.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 06a
Gasteizko azokaren irudia / Argazkia: Asier Sarasua Garmendia, CC BY-SA 3.0

Diputazioak Gizarte Segurantzari bilera bat eskatu dio, hainbat herritako azoketan saltzen zuten baserritarrei isunak ezarri dizkietelako. Besteak beste Tolosan, Hernanin eta Ordizian, Gizarte Segurantzako inspektoreak ibili dira eta gutxienez dozena bat zigor ezarri dizkiete azokan beren produktuak saltzen dituzten baserritar jubilatuei.

Egoerak ardura sortu du eta baserritar asko beren postua uztera behartu ditu. Auzi honi irtenbidea topatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du Gizarte Segurantzari bilera eskatzea. Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik prentsa ohar batean adierazi duenez, bileraren helburua ezarritako isunen testuingurua baloratzea eta aztertzea da, eta “jarduera hori bermatzeko irtenbide bat bilatzen saiatzea”.

Arrutik dioenez, “gaur egun badaude alternatibak erretiratuen kolektiboak jarduera ekonomikoak modu osagarrian egiten jarraitu ahal izateko, erretiro aktibo gisa”. Gaineratu du, “Zoritxarrez egun diseinatuta dagoen moduan erretiro aktibo honek ez du egoera konpontzen, gutxieneko pentsio bat jasotzen duen kolektiboa baita”. “Baserritarren errealitatera hobekien egokitzen den formula” bilatzen saiatuko direla ziurtatu zuen. “Gure aldetik, Gizarte Segurantzari eskua luzatuko diogu, arlo horretako eskumena berak baitu, gure errealitatearekin bateragarria den akordio batera iritsi ahal izateko”.