argia.eus
INPRIMATU
Baserritarren azokei eusteko Gobernuak udalei eta Jaurlaritzari argibideak ematea eskatu dute nekazariek
  • EHKOlektiboak, Espainiako Estatuko 150 erakunde baino gehiagorekin batera, eskaera formal bat erregistratu du martxoaren 30ean Espainiako Nekazaritza Ministerioan. Bertan eskatzen dute Gobernuak autonomia erkidegoei eta udalei argibide zehatzak ematea, baserritarren azokei eutsi ahal izateko.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a

Eskala txikiko nekazaritzako elikagaien ekoizpenean eta nekazaritza ekologikoan diharduten 150 eragile baino gehiagok bidali duten gutunak azaltzen du herrietako baserritarren azoka asko itxi direla koronabirusaren alarma egoeran, "tokiko gobernu eta gobernu autonomiko askok interpretazio murriztaileegiak egiten dituztelako alarma-egoerak ezarritako debekuen gainean".

Tokiko nekazari txikien eta elikadura burujabetzaren aldeko politika egin dezala eskatzen diote Gobernuari.

Zortzi puntu hauek eskatu dituzte (hemen irakurri daiteke gutuna osorik eta sinatzeko aukera dago).

1-Baserritarren azokei eusteko jarraibideak ematea autonomia erkidegoei eta udalei

Autonomia-erkidegoei eta udalei beharrezko jarraibideak ematea, beren eskumen diren merkatu ez sedentarioetarako irtenbideak bila ditzaten, sarbide kontrolatua ahalbidetzen duten espazioetan.

2-Baratze eta ukuilura joateko baimen zehatza ematea

Esplizituki baimena ematea elikagaiak beren kabuz hornitzeko etxalde, baratze eta ukuiluetara joateko, baita pertsona hori nekazaritzako erregimenean alta emanda ez badago ere, bai etxaldearen funtzionamenduari eusteko, bai elikagaien uztarako. Halaber, baimendu daitezela aziendaren joan-etorri transhumantea eta transterminantea.

3-Herritarrek baserritarrei zuzenean erosteko egiten dituzten joan-etorriak kontuan hartzea

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7.1.a artikuluaren barruan, kontsumitzaileek kontsumo-taldeetan eta baserrian/ekoizpen gunean zuzenean elikagaiak erosteko egiten dituzten joan-etorriak kontuan hartzea.

4-Erosketa publikoak egiterakoan tokiko agroekologiaren alde egitea

Ospitale, zahar egoitza, jantoki sozial, eskolako jantoki eta elikagai-bankuek tokiko produktuak, ekoizle txikienak eta agroekologikoak lehenestea.

5-Abeltzainen osasun-erregistroak azkarrago ematea

Abeltzainei osasun-erregistroak ematea malgutu, bultzatu eta azkartu dadila, produktuak zuzenean saltzea errazteko, esne gordina barne.

6-Nekazari eta abeltzainak autonomo kuota ordaintzetik salbuestea eta bidezko prezioak bermatzea

Neurri fiskalak ezartzea, hala nola autonomoak ordaintzetik salbuestea, nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiei laguntzeko, jendartearentzat funtsezkoak diren beste sektore batzuekin egin den bezala. Industriak eta banaketak ekoizleei bidezko prezioa ordainduko dietela bermatzea.

7-Bertako produktu freskoen aldeko sentsibilizazioa zabaltzea gizartean

Autonomia-erkidegoei eta udalei eta jendarteari jakinaraztea "oso garrantzitsua dela ekoizleek eta saltoki txikiek gure nekazaritza-ekosistemak elikatzea eta haiei eustea. Beraz, ahalik eta produktu gertukoenak eta freskoenak kontsumitzea".

8-Udal-hiltegiak eta komunitate-hiltegiak babestea

Zuzeneko salmentan eta banaketa-kanal laburretan hiltegi hauek duten garrantzia nabarmentzen du gutunak. Horregatik eskatzen du "udal-hiltegiak edo komunitate-hiltegiak, edukiera txikiko espezie anitzekoak, ustiapeneko hiltegiak eta/edo hiltegi mugikorrak berrirekitzea edo sortzea sustatzea, segurtasun-neurriak areagotzeko, animalien sufrimendua gutxitzeko eta ustiategi txikiei laguntzeko, eta lokalak berriro irekitzea edo zatiketa-aretoak sortzea".