argia.eus
INPRIMATU
Aspilla
Baserriko erreleboa hartu duten bi ahizpen proiektua Andoainen
  • Duela hamar urte pasatxo hartu zuten Amaia eta Nerea Arsuaga Etxebeste ahizpek Andoaingo baserrian barazki ekoizpena abiatzeko erabakia. “Baserria zaharberritzen ari ginela, ohartu ginen lursailak utziak genituela eta egoera txarrean jartzen ari zirela”, kontatu du Nereak. Gurasoek urteetan txukun mantendutako eta zaindutako lurrak  gainbeheran ikusteak amorrarazi egin zituen ahizpak, eta zerbait egin beharra zutela erabaki zuten. “Bagenuen beste zereginik, nik beste ikasketa batzuk nituen, ahizpa ume txikiekin zegoen… baina zerbait egin beharra genuen”, dio. Fraisoro eskolan izena eman eta lehen sektorean profesionalizatzeko apustua egin zuten biek 2011n.

Garazi Zabaleta 2022ko irailaren 22a

Lehen sektoreari lotutako proiektu jakinak martxan jartzeak inbertsio handia eskatzen zien andoaindarrei, eta sektorean nagusi zen egoera ezegonkorrarekin, ez zuten horretarako segurtasun handiegirik sumatzen. “Etengabe entzuten genituen ixten ari ziren ukuiluen eta esplotazioen berriak, eta horregatik, erabaki genuen inbertsio handiegirik eskatzen ez zuen zerbaitetan hastea”, azaldu du Arsuagak. Barazkigintzarako hautua egin zuten; ahizpak, gainera, bazuen aurretik esperientzia barazkien salmentan, eta hori ere lagungarri izan zitekeela pentsatu zuten.

Fraisoroko ikastaroa egiten ari zirela, ekoizle eta kontsumitzaileen topagune batean hartu zuten parte ekoizleek, eta bertan Andoaingo talde bat ekoizle bila zebilela jakin zuten. “Haiek ekoizleak nahi zituzten, eta guk, berriz, kontsumo taldea bilatzen genuen. Horrelaxe hasi ginen, baratzean oraindik ezer gutxi genuela!”, gogoratzen du. Geroztik, asteroko saskiak egiten dituzte bi ahizpek, eta herriko bi dendetan, haurtzaindegian –Ekolapiko proiektuaren bidez– eta Andoaingo eta Donostiako bi kontsumo taldetan banatzen dituzte. Eredu ekologikoan ari dira, haiek dioten bezala, txikitatik etxean ikusi dutena delako eta kalitatezko produktuak sortu nahi dituztelako.

Aurtengo berrikuntza, udalekuak

Barazki ekoizpenari beste jarduera bat gehitu diote aurtengo udan. “Proiektuari ekin genionetik genuen ideia buruan, baina horrek ere inbertsioa eskatzen zuen, eta beraz, erabaki genuen pixkanaka hastea, eta behin oinarri sendo bat izanda, pauso gehiago ematea”. Bada, hamar urteren ondoren, aurtengoan ekin diote udalekuen proiektuari: haurren hiru talde txiki izan dituzte udan baserrian eta baratzean. “Oso polita da umeekin baratzea nola egiten den ikustea, gauza asko landu daitezke haiekin baserrian”, dio ekoizleak.

Haurrek naturarekin harreman zuzena izateaz gain, bertan landutako jarduerekin abereen bizitzan, baratzean, eta jakien jatorrian sakontzen dute, beti ingurumenaren zaintzan eta errespetuan oinarrituta. Lehen udalekuen balorazio oso positiboa egin dute ahizpek, eta zalantzarik gabe, datorren urtean errepikatuko dutela diote.