"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.
Urdazubin aurkeztu dute Baserriberri programa, martxoaren 22an, mugaz bi aldeetako erakundeetako ordezkariek. Ekimen horrek baserriak eta zurezko beste eraikin batzuk birgaitzeko ofizioa irakastea du ardatz. 1.778.447 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.155.989 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) datoz.
Egurrezko lan-tekniketan trebatzea da proiektuaren helburua, baserri zaharrak eta zurezko beste egitura batzuk berritu ahal izateko. Langabeei zuzenduta dago eskaintza, lan munduan sartzeko baliagarri izan dakien eta zurezko eraikuntzaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko.
Formazioak saio teorikoak eta praktikoak izango ditu. Irailetik aurrera hasiko dituzte saioak 12 ikaslek (launa Nafarroatik, EAEtik eta Iparraldetik) eta 2026ko ekainean bukatuko da.
Peio Martikorena Fundazioa, Nafarroako Gobernua (Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia), Eusko Jaurlaritza (Lanbide Heziketako Sailburuordetza), Oarsoaldea Garapen Agentzia, Pirinio Atlantikoetako Lagunen Federazioa eta Pirinio Atlantikoetako Euskal Herriko Misioa.