argia.eus
INPRIMATU
Baserria eta berton bizi garenon etorkizuna
  • Jesus Mari Gonzalez Martinez eta Angela Linskey Abaltzisketako "Naera Haundi" baserrian bizi dira. Produktu ekologikoak (mermelada, esaterako) produzitzen zituzten duela gutxi arte. Ekoizleek 65 urte betetzean diru-laguntzak eteten zaizkiela-eta, ezin izan diote lanari eutsi.

Jesus Mari Gonzalez Martinez Angela Linskey 2017ko azaroaren 22a

Tertulia Euskadi Irratian. Gipuzkoako Ogasunak Realari barkatu dion dirutzaz ari ziren hizketan. Baita ere, beste gauza askotarako klubei ematen dieten diruaz. Kirol-ikuskizun-negozio-eskandaluzko soldatak diru publikoaz ordainduta. Aitzitik, baserri ekologikoei diru-laguntzak kentzen dizkigute titularrak 65 urte betetzen dituenean, ustiategiak ixtera behartuz. Erreleborik ez dagoenez zaharrok baserrietan harrapatuta jarraitu behar dugu, askotan bakarrik, gure dirua xahutzen eta inori interesatzen ez zaizkion lurrak, fruta-arbolak, azpiegiturak eta abarrak zaintzen.

Ondoren Donostiako metroaren eraikuntzako goi-karguarekin solasaldia. Erabat beharrezkoa dela dio. Hiri-zerbitzu publikoetako bikoiztasuna lotsagarria da baserri inguruko erabateko utzikeriarekin alderatzen badugu. Gure baserritik hurbilen dagoen autobus geralekua ordubete eta erdira dago.

Diru publikoen banaketaren gaineko erabakiak, hein handi batean, EAEko instituzioek hartzen dituzte zuzenki edo zeharka. Adibidez, haragi-ustiategiei lehentasuna eman (diru-laguntza gehiago eta dirua jasotzeko adin mugarik ez) eta ekologikoak atzean zergatik uzten dituzten argitu beharko lukete. Agro-elikadura politikak (produktu merkeko inportazio masiboak, hainbat lege eta dekretu ulertezin, laguntza txikiak baserria bultzatzeko, ustiategiak ixtea...) eta zerbitzu publikoen urritasunak baserri-populazioarentzako ondorio gaiztoak dituzte: Ustiategien errentagarritasunik eza eta baserritik alde egitea lan eta bizimodu hobe baten bila.

Nekazaritza-komisario europarrak esan du: “Baserri-inguruetan nekazaritzarako inbertsio arduratsuak migraziorako konponbidea izan daitezke”. Baita ere, lehentasunen artean ingurumena eta baserrietan belaunaldi erreleboa daude. Aitzitik, EAEn pertsona zaharrak gelditzen gara baserrietan eta legeak asmatzen dira ustiategi ekologikoak ixteko. Zein izango da gure etorkizuna?