Bascos elkarteak Frantziako Hezkunde Nazionalari eskatu dio ikastetxe katolikoetako zuzendaritzei galdetzea ea zer iritzi duten aita santuak egindako adierazpenen inguruan.
Ezjakintasun erabatekoa egotzi dio elkarteak aita santuari eta adierazi du homosexualitatea ez dela gaixotasuna, eta beraz, ezin dela sendatu. Aita santuaren hitzek zorigaiztoko ondorioak izan ditzaketela salatu du elkarteak, gurasoek seme-alaben sexu joera “zuzendu” nahiko dutelako, “eta horrek badakigu zein ondorio dituen”.
Aita santuaren hitzek Elizako muturreko korronteak indartzen dituela uste du elkarteak, zeinak homosexualak aldatzeko terapiak babesten dituzten. Martxoaren 7 eta 8an Baionako apezpikuak homosexualitateari konpainia egiteko bilerak antolatu nahi izan zituela salatu du elkarteak, gero bertan behera geratu ziren bilerak.
Elkarteak esan du aita santuaren esanak harrigarriak izango zirela Vaticanoaren mezu "aurrerakoiak" ontzat hartzen dituztenentzat. Aldiz, batere berriak ez dira Eliza Katolikoaren ekintza zehatzei begiratuz gero.