argia.eus
INPRIMATU
Basauriko familia bat etxetik bota dute protesta artean
  • Goizaldean zegoen iragarrita kaleratzea eta Baietz Basauri-k deituta, herritarrak eta alderdi politikoetako kideak bildu dira etxearen aurrean. Azkenean ertzainek familia etxetik atera dute.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 22a
Etxe kaleratzearen aurka elkarretaratzea egiten ari dira dozenaka lagun. [Argazkia: @agirregarita]

Dozenaka lagun bildu dira ostegun goizean Basauriko Kareaga kaleko etxe baten atarian. Haien nahia, 51 urteko emakume bat eta haren alaba alokairuan bizi diren etxetik botatzea saihestea. Baietz Basauri plataformak deituta elkartu dira goizeko 9:30ean, eta herritarrez gain, ESK sindikatuko eta EH Bilduko eta Ezker Anitzako kideak bildu dira. Bertan izan dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu den Jasone Agirre eta Elkarrekin Podemosek Arabako zerrendaburu Iñigo Martinez.

Etxe atariko elkarretaratzea hasi eta gutxira iritsi da epaitegiko ordezkaritza, kaleratze aginduarekin. Horren aurrean, Basauriko Udaleko gizarte zerbitzuetako kideen presentzia eskatu dute kaleratzearen aurkakoek. Haietako bat Natalia Gardeazabala EH Bilduko zinegotzia izan da, eta alderdiak Twitter bidez adierazi duenez, eskaerari uko egin diote. Kaleratzea ertzainak iritsi ondoren gertatu da.

@IñigoMZaton
@IñigoMZaton
 

 

Etxegabetze bat atzeratu dute Gasteizen

Datorren astelehenerako Gasteizko Valentin de Foronda ibilbidean iragarrita zegoen etxegabetzea atzeratu egin dutela jakinarazi du Kaleratzeak Stop elkarteak. Bikote bat eta haren bi seme-alabak etxetik kaleratzekoak ziren, baina hilabete batez atzeratu da.

Bestalde, iragan astean Gasteizko Zabalgana auzoan Alokabide Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak egindako kaleratzearen inguruan Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak egindako adierazpenak salatuko dituzte. Urkulluk telebista programa batean kaleratuaren intimitate eta irudi eskubideak urratu zituela uste du Stop Kaleratzeak plataformak, eta salaketa jarriko du Arabako Auzitegi Nagusian. Hala, elkarretaratzea iragarri dute epaitegiaren kanpoaldean.