argia.eus
INPRIMATU
Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak
  • Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 05a
Basauriko espetxea (Bizkaia). Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Preso bat hil da Basauriko espetxean. Bere ziegan aurkitu dute hilda. Ez dago baieztapen ofizialik, eta hil den presoaren nortasun daturik ez dute eman. Salhaketak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azalpenak eman ditzala eta heriotza iker dezala. Ondoren, Jaurlaritzak adierazi du autopsiaren emaitzak ikusita suizidioaren aztarnak daudela.

 

Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian espetxeen eskumena jaso zuenetik, zazpi preso hil dira guztira Basaurin, Martutenen eta Zaballan. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu berriari bilera eskatu dio Salhaketak.

 

Elkarteak adierazi du presoen hiru laurdenek buruko gaitzak dituztela, eta presoen, funtzionarioen eta hirugarren sektoreko elkarteen arteko elkarlana bultzatu behar dela buruko osasunaren arazoari aurre egiteko. Jaurlaritzari eskatu dio suizidioen aurkako protokoloak «azkarrago» martxan jartzeko, zalantza duelako gaur egun behar bezain laster egiten ote den.