argia.eus
INPRIMATU
Basauriko eraso homofoboarekin loturan, bederatzi pertsona daude ikerketapean
  • Hamahiru pertsonaren artean jipoitu zuten asteburuan gazte bat, zio homofoboengatik. Bederatzi pertsona ikertzen ari da Polizia, erasoarekin lotura izan dezaketelakoan. Ekainaren 10ean manifestazioa deitu dute hainbat eragilek, gertakizuna gaitzesteko.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 09a
Basauriko Bizkotxalde parkean egin zioten eraso gazteari (Argazkia: Raquel Pasandin eta Alan Lorenzo)

Larunbatetik iganderako gauez, 23 urteko gazte bat jipoitu zuen hamahiru pertsonako talde batek, Basauriko Bizkotxalde parkean. Arrazoi homofoboek motibatuta egin zioten eraso gazteari, "marikoi zikina" bezalakoekin iraintzen zuten bitartean; nazka ematen zuela eta handik ospa egin zezala ere oihukatu zioten, lekukoek jakinarazi dutenez. Erasotuak, kolpeen eraginez, konortea galdu zuen eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Zauriak ditu gorputz guztian, burua eta aurpegia barne.

Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak gertakariaren inguruko ikerketa abiatu dute, eta 18 eta 23 urte arteko bederatzi pertsona ikertzen ari dira, erasoarekin lotura izan dezaketelakoan.

Mobilizaziora deia

Gertakizuna ezagutu orduko, gaitzespen mezuak nagusitu dira. Basauriko Udalak, udal talde guztien izenean, "gertakizuna irmoki arbuiatzen" duela jakinarazi du. "Horrelako ekintza matxistek helburu dute norbanakoen askatasuna hertsatzea, eta erabat onartezinak dira", egin dute irakurketa.

Bestalde, hainbat eragilek erasoa gaitzesteko manifestazioa deitu dute ekainaren 10ean, "Homofobiarik ez! Ninguna agresión sin respuesta" lelopean. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Basauriko Udaletxetik.