argia.eus
INPRIMATU
“Basaburuko altxorrak”: erresistentziako laborari baten kronikak Sarako Idazle Azokan
  • Pazko bigarrenez Saran Idazleen Biltzarrarekin batera ospatzen den azokan aurkeztuko da “Basaburuko altxorrak”, Itsasun laborari, ELB eta Confederation Paysannen lider sindikal eta aspalditik ARGIAko kolaboratzaile den Mikel Hiribarrenek idatzitako kronika laburrez osatua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 07a
Mikel Hiribarrenen "Basaburuko altxorrak" Sarako azokan aurkeztuko du Maiatz argitaletxeak.

Peio Zedarrik hitzaurrean aitortzen duenez, Maiatz argitaletxeak plazaratu duen “Basaburuko altxorrak” liburuaren erruduna ez da Hiribarren bera, baizik bere gazta, axuri eta barazkiak gozatzen dituzten bezero talde bat. Azken 38 urteotan Aroztegia etxaldea aurrera atera duen laborariak aski lan badu liburugintzan hastea amestu aurretik: artaldearen zaintzak sortzen dituen eguneroko lanak, lau etxalderen artean osatutako Basaburuko Saskia kontsumo taldeak ematen dituenak, Confederation Paysanneko idazkari nagusi izatearenak, Iparraldean bezala Hegoaldeko edonon agertu beharra daukan hurrengo bilera…

Gauza da Basaburuko Saskiaren bezero diren bi ziento familiak etxean hamabostero haragi, gazta eta barazkiz beteta jasotzen duten otarrean aurkitzen dutela orritxo bat dakarrena alde batetik hurrengo hamabostaldirako aukeran daukaten generoaren zerrenda, bestean bi artikulu labur, frantsesezkoa Haraneko Kristianek idatzia, euskarazkoa Aroztegiko Mikelek.

Peio Zedarrik hitzaurre dotorean idatzi du: “Lerroz lerro, hizkiz hizki, etengabe, Mikelek defendatzen du laborantxa modelo bat, laborantxa herrikoi eta iraunkorrarena, arbuiatuz beste eredu bat, agro-industria produktibista eta suntsigarria. Mikelen kezkek edo esperantzek laborantxaren oraina eta geroa dute bihotzean. Hasiz Mikelen xede nagusitik: laborariek eskura dezatela beren ordainsari zuzena. Bainan ez nola nahika, baizik lurraren eta gizonen errespetu osoan. Aroztegiko semearen laborantxa eredua da herrikoia eta iraunkorra. Herrikoia saltzapen labur eta xuxenekin. Herrikoia etxaldeen burujabetza eta autonomia ardatz nagusi delarik, berak diolarik: ‘Berriz asmatzekoa da etxez etxekoa, herrian herrikoa’”.

“Basaburuko altxorrak” dastatzean, irakurleak aurkituko ditu sakontasun handiko kronikak sotiltasunezko azalez horniturik, elegantzia galantez. Think global, act local Lapurdiko ukuilu batean mamitua. Gerezia noiz nola loratu den, erosle-lagunek ezagutu beharreko adiskide baten heriotza, klimaren beroketa edo langileen greba bat Itsasun, txikian agertzen da handia.

Dio Zedarrik Mikelez: "Badaki Itsasuko artzain laborariak bilakatzen erakasle, gaiak hola galdegiten badu. Argitzen gaitu, gidatzen gai korapilatsuetan. Irakurlearen alkian eta heinean jartzen da, pedagogo bihurtuz, sonbat aldiz tituluan berean laburbilduz artikuluaren muina, eman dezagun adierazteko kapitalismoaren iraupena: 'Bakotxa biziki atxikia bereari... ontasun purrusken menturan!'. Gai seriosak jorratzen ditu beraz Mikelek bainan gehienetan umorearekin, distantzia salbagarri batekin. Badaki nehork baino hobeki hausten gertakari baten gogorkeria ximista batez, adibidez Donapaleun gertatu manifestaldi bortitz bat aipatzerakoan: 'Arma gizonek galtzen dute matraka, paltoa eta kasketa!'".