argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako Udalak eten egin ditu Israelekin harremana eta Tel Avivekin zuen senidetzea
  • Ada Colau Kataluniako hiriburuko alkateak Israelgo Lehen Ministroari gutun bidez leporatu dio Palestinaren aurkako "apartheida" gauzatzea. Kataluniako hiriburua Tel Aviv hiri israeldarrarekin senidetuta zegoen, eta harremana moztu dute.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 09a
Argazkia: EuropaPress

Bartzelonako Udalak Israelekin zituen harremanak moztu ditu, horren Gobernuak palestinarren aurka egiten duen jazarpena dela-eta. Kataluniako hiriburua Israelgo Tel Aviv hiriarekin zegoen senidetuta duela 25 urtetik, eta bertan behera geratu da senidetzea. Ada Colau Bartzelonako alkateak Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Ministroari eskutitz baten bidez eman dio erabakiaren berri. Bertan, Palestinaren aurka "apartheid egoera" erabiltzea aurpegiratu dio. 

Colauk adierazi du harremanak moztea Israelgo Gobernuaren aurkako ekintza dela, eta ez bertako "herri, komunitate edota erlijioaren" aurkakoa. Bartzelonako alkateak ezohiko agerraldia egin du erabakiaren berri emateko.

Gertakariak hautsak harrotu ditu, eta gainerako alderdi politikokek aldeko eta aurkako jarrerak erakutsi dituzte. PSCk esan du "akats larria" dela eta erabakia aldebakartasunez hartu izana leporatu dio. Xavier Trias Junts-eko alkategaiak Twitterren bere iritzia plazaratu du: "Bartzelonak sektarismorik gabe egin behar du lan, konfrontazioa saihestuz eta elkarrizketaren aldeko apustua eginez". CUPek, aldiz, babestu egin du Bartzelonako Udalaren erabakia: "Mobilizazio sozialak merezi du! Zorionak hau lortu duzuen kolektibo eta herritarrei".