El Periodico de Catalunyak zabaldu duenez, Bartzelonako Ingurumen fiskaltza ikertzen ari da Sant Adria de Besoseko erraustegia, dioxina eta kiratsezko kutsaduragatik. Orduko 45 tona zabor nahasi kiskaltzen ditu Espainiako estatuko bigarren erraustegi handiena den horrek.
AireNet plataformak joan den apirilean salatu zuen Bartzelonako erraustegia, bere garaian ARGIAk zabaldu zuenez, hura delakoan inguru horietan minbizien tasa Kataluniako bataz bestekoa baino 2,5 bider handiagoa izatearen erruduna. TERSAren erraustegia ixteko eskatu dute behin eta berriro auzotarrek. Ebidentziatzat aurkeztu zuten Jose Luis Domingo toxikologiako katedradunak 2017ko udan Science of the Total Environmental aldizkari espezializatuan argitaratutako “High cancer risks by exposure to PCDD/Fs in the neighborhood of an Integrated Waste Management Facility” txostena, zeinak zehazten baititu erraustegiaren inguruko lurzoruan eta airean dauden partikula kantzer eragileak, erakutsiz Sant Adrià herria izan daitekeela Kataluniako ingururik kutsatuena.
Baina horretaz gain, beste froga berri bat ere eraman zuten apirilean herritarrek auzitegira. Erraustegia kudeatzen duen TERSAk fabrika barruan egindako neurketek erakusten dute, antza, zaborrak erretzen direla beti iritsi gabe 800 gradu zentigradoetara, errausketaren aldekoek beti argudiatzen dutenez dioxinarik sortu gabeko konbustio mailara iritsi gabe alegia. Airenetekoek salatu zuten enpresak deskonektatu egin duela graduak neurtzeko sistema, oker horiek ezkutatzeagatik, eta beste oker gehiago erakusten dituzten argazki eta bideoak ere aurkeztu zizkioten fiskalari.
Bartzelonako udalak eta erraustegiaren kudeatzaileek dena ondo zegoela argudiatu zuten arren, orain fiskaltzak erabaki du auzitegiak ikerketa ofizial bati ekin beharra daukala.