argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako etxebizitza sindikatuak The District higiezinen azokako partaideak pinturaz zikindu ditu
  • Irailaren 20tik 22ra nazioarteko 10.000 zuzendari baino gehiago elkartuko dira Bartzelonako hiriburuan. Sindikatuek salatu dute Bartzelona "etxegabetzeen, gentrifikazioaren eta espekulazioaren epizentro" bihurtu dela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 21
Etxebizitza sindikatuek salatu dute azokan inbertsio funtsen, bankuen eta bestelako espekulatzaileen ordezkariak elkartzen direla pentsatzeko "nola ito langile klasea". (Argazkia: Sindicat d'Habitatge de Vallcarca)

Irailaren 20tik 22ra The District higiezinen sektoreko azoka egin dute Bartzelonan, eta haren aurka protesta egiten ari dira hiriko zenbait etxebizitza sindikatuk. Besteak beste, azokako partaideak pinturarekin zikindu dituzte. Guztira nazioarteko 10.000 zuzendari baino gehiago bilduko ditu The District-ek hiru egunotan.

Zikindu duten partaideetako bat Jordi Moix da, Bartzelona futbol taldeko ekonomiako lehendakariorde ohia.

Etxebizitza sindikatuek salatu dute azokan inbertsio funtsen, bankuen eta bestelako espekulatzaileen ordezkariak elkartzen direla pentsatzeko "nola ito langile klasea, beren auzoetatik bidali eta etxebizitza eskubidea urratuta ondoren". Azpimarratu dute Bartzelona "etxegabetzeen, gentrifikazioaren eta higiezinen espekulazioaren epizentro" bihurtu dela; hain zuzen, Espainiako estatuan etxegabetze gehien gertatzen diren hiriburua da. 

Azokaren bigarren edizioa izan da aurtengoa. Iaz ere Bartzelonan egin zuten, baina ikusteko dago datorren urtean ere hala izango ote den. Iturri ofizialek baieztatu ez badute ere, sare sozialetan parte-hartzaile batek aurreratu du datorren urtean Madrilen, Valentzian edo Malagan egingo dutela, Kataluniako hiriburuan "ezker muturreko erradikalek egindako jazarpenaren ostean".