Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiak prozedura abian jarri du Kataluniako Generalitateko kideen ondasunak bahitzeko. Urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik prozesatuta dauden pertsonen bermeak ordaintzeko elkartasun-kutxa baten bidez haien 3,7 milioi bildu ziren, baina epaitegiak ez ditu onartu.
Vilawebek informatu duenez, apirilaren 30eko data dauka bahitura-aginduak, baina prozesatutako kideek astearte honetan jaso dute jakinarazpena. 5,8 milioi euroko balioa duten ondasunak bahitu nahi dizkie epaitegiak.
Kopuru horren zati bat ordaindu ahal izateko dirua jasoa zuten herritarren artean, 3,7 milioi, eta maiatzaren 8an epaitegiaren esku jarri zen diru hori. Baina, Vilaweben arabera, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, 13. Instrukzio Epaitegiak ez du elkartasun-kutxako diru hori onartu, ekarpena egin duen Caixa de Solidaritat ez delako prozeduraren parte.
Elkartasun-kutxa bultzatu duen ANC erakundeko iturriek hedabide kataluniarrari azaldu diotenez, epaitegiak ez zien jakinarazi diru hori ez zutela onartuko eta gainera ez diete jarritako dirua itzuli. ANCk kritikatu du epaitegiaren funtzionatzeko modua, baita Espainiako Auzitegi Gorenarena ere. Prozesatutako kideen abokatuekin bilduko dira egoera aztertzeko eta hurrengo urratsak erabakitzeko.