argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako AHTren zati batzuetan %230 diru gehiago gastatu zuten
  • Hasierako proiektuan akatsak zeudela argudiatuta, 415 milioi euro gehiago gastatu zituzten hainbat zatitan. Espainiako Kontu Auzitegia 2013tik ari da gain-kostu horiek ikertzen.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 07a
AHT eraikitzeko obrak Bartzelonan

2013ko apirilean fiskalizazio txostena amaitu zuenetik zuen Kontu Auzitegiak Bartzelonako AHTren eraikuntzan izandako diru publikoaren ustezko lapurreta handiaren berri. Oraindik amaitu ez duen ikerketa abiarazi zuen orduan. Guardia Zibilak ustelkeriagatik abiatutako operazioak azaleratu du desfasea eta El País egunkariak dakartza datuak. Hospitalet-La Torrasa zatian, esaterako, 247 milioi euro gehiago gastatu ziren, hasieran kontrataturikoa baino %230 gehiago.

 EAEko AHTren eraikuntza ere lokaztu du afera honek, Corsán-Corviam enpresa bera ari baita “Euskal Y” delakoaren zati batzuk eraikitzen. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuordearen esanetan, ordea, ez dute esku artean ezer "gauzak oker daudenik pentsatzeko".