argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonara sartzea debekatuko diete ibilgailu kutsatzaileenei
  • Bartzelonako Udalak hirian zirkulatzea debekatuko die gehien kutsatzen duten ibilgailuei 2020. urtetik aurrera. Datorren urtean erabakiko da zein ibilgailu motari eragingo dien debekuak, Udaleko ekologia alkateorde Janet Sanzek adierazi duenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 22a
Bartzelona kutsadurak eragindako lainoez estalirik. (Arg.: energiverde.com)

Udal ordezkariak azaldu du 2017 hasieran analisi bat egingo dela debekuaren nondik norakoak zehaztu eta zein ibilgailuri eragingo dien ikusteko. Bestalde, gehien kutsatzen duten ibilgailuek, 2017ko urte amaieratik aurrera, nitrogeno dioxido kontzentrazio handia dagoen uneetan ezingo dute jada hirian zirkulatu.

Udalak DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusia indarrean jartzen ari den etiketatze sistema erabiliko du. Sistema horretatik kanpo geratzen diren ibilgailuak dira kutsakorrenak, ondorioz debekuak horiei eragingo lieke.

Bartzelonako Udalak herritarrek ibilgailu kutsakorrak uztea bultzatu nahi du, horretarako garraio publikorako eta Bicing-erako –Bartzelonan bizikletaz mugitzeko sare publikoa– abonamenduak sustatuz.

“Bartzelonako kutsadura estrukturala da eta gas emisioak era iraunkorrean murriztu beharra dago”, azaldu dute. Udalarentzat ez luke zentzurik izango ibilgailuei sarrera kutsadura maila altuenetara iristean bakarrik debekatzeak, egun Madrilen egiten den moduan. Bartzelonan maila horiek urtean hiru aldiz ematen dira gehienez.

Udalaren datuen arabera Bartzelonan 3.500 dira urtean kutsaduraren ondorioz gertatzen diren heriotzak.