Urte eta erdi barru Bartzelonako Udala hasiko da hondakinentzako edukiontzi handi irekiak kentzen bere hiriko karrika guztietatik, horien ordez bilketa sistema eraginkorragoak ezarriz. Dagoeneko esperientzia pilotoak egiten ari da zenbait auzotan: Sarrian 2018tik atez ateko bilketa dauka ezarrita eta berrikitan Sant Andreu-Bon Pastorren atez ateko kolektiboa jarri du abian, Gipuzkoan Zestoak darabilenaren antzekoa.
Eloi Badia ez da Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Mugimenduko kidea, Bartzelonako zinegotzia da eta metropoliko hondakinak kudeatzen dituen AMB agentziako lehendakari ordea, eta hau esan berri du: "Betiko edukiontzia da zabortegi ireki bat hiriaren erdian". Horrela azaldu die kazetariei Kataluniako hiriburuak bere kaleetatik kontainer irekiak ezabatzeko erabakia. Hitzok esan ditu Sant Andreuko Bon Pastor auzoan apiriletik egiten ari diren esperientzia pilotuaren emaitzak baloratzean.
Bon Pastorren atez ateko komunitarioa ezarri dute, Gipuzkoan Zestoan darabiltenaren antzekoa: puntu jakinetan 18:00etan jarri eta 23:00etan kentzen dituzte edukiontzi kontrolatuak herritarrek horietan laga ditzaten egun bakoitzari dagozkion hondakin-atalak. Udalak zabaldu duenez, apiriletik hona %35 igo da bildutako paper-kartoi kopurua, %32 plastikoarena eta %43 bidrioarena. Horrez gain, bereizita bildutako hondakin organikoetan zakarrak %18tik %6,7ra jaitsi dira, eta hau funtsezkoa da txerri-janak konpost bihurtu ahal izateko, zakar asko daramaten organikoak erraustegira kondenatuta baitaude.
Ada Colau alkatearen ekipoak Bartzelonan Zero Zabor estrategia ezartzea erabakita dauka, Kataluniako hiriburuan gaikako bilketa %36tik igo ezinik ari zirelako edukiontzi libreen sistemarekin. Orain hodakin zerbitzua egingo duen konpainia berria hautatzeko prozesuan daudenean, udalaren plana da edukiontzi sistema erabat aldatzea, hasi 2021ean eta 2025 bitartean. Auzo bakoitzari egokien izango zaion sistema erabakitzeko hainbat aldagai ari dira probatzen eta aztertzen. Bon Pastorrekoa da bat eta beste bat Sarrian 2018tik daukatena, atez atekoa. Udalak informatu duenez, Sarrian atez atekoa ezarri eta berehala lortu zuten gaikako bilketa %19tik %59ra pasatzea eta geroztik hobetzen segitzen dute; esate baterako, bildutako hondakin organikoek Sarrian ez daramate %2 zakar baizik.