argia.eus
INPRIMATU
Bartzelona: “No en el meu nom”
  • Freddy Mercury eta Montserrat Caballé irudikatu ditut abuztuaren 17ko gauaren minean, Rambla gainetan eta Cambrilsko itsasertzean, No tinc por bi bozetan kantatzen.

Itxaro Borda 2017ko abuztuaren 21
Ripolliko udaletxearen aurrean emakume musulmanek egindako bilkura.

Mina hazi zait bihotzaren sakonean: masa hilketen zerrenda emendatzen ari da, Parisko Charlie Hebdo-ren kontrako sarraskiaz geroztik. Noski, badakit, munduan barna, erailketa zakar askoz gehiago badela, baina bakoitzak bereak ditu negarreztatzen, bakarraren doluak guztiena ordezkatzen ahal duelako.

Jihadistak hain gazteak izateak halaber gogoa inarrosten dit: atentatu itsuen egileak adin hotzekoak dira eta ordenu emaileak, beti bezala, gizon zohituagoak, Liburu Sainduei erranarazten dioten horretan bertan ez dutela beraiek ere sinesten. Paradisua erdiesteko ideologikoki apailatzen dituzte odol beroko mutikoak, juduak eta apalesgarriki kouffar izendaturiko infidelak gauza bilakaturik, haien kontra ekin dezaten urrikirik gabe. Ez du balio luzatzeak: terrorismoaren mekanismoak ezagutzen ditugu.

Beldurra, ezberdinarenganako mespretxua eta sistemaren biktimak direlako sentimendua txertatzen zaie zainetan. Testu erlijiosoaren idolatriak eramaten ditu fundamentalismora. Islamak ez du errurik ordea, baizik eta islama hilketa tresna gisa moldatzen duten horiek.

         No en el meu nom.