Felipe Gonzálezen garaian Espainiako Barne ministroa zen José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka abiatu zuen estrategiagatik. ZEN Zona Especial Norte Planaren barruan egindako ekintzen erantzule nagusietako bat izatea leporatu diote, tartean GAL taldearena.
Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aurkeztuko dute kereila, Espainiako Estatuko beste hainbat biktimarekin batera. Barrionuevo ministro izendatu eta lau hilabetera jarri zuen martxan ZEN plana Espainiako Barne Ministerioak, 1983an, eta estrategia horren erantzule nagusietakoa izatea leporatuta jarriko diote kereila; estrategiaren barruan zerrendatu dituzte “hilketak, zaurituak, bahiketak, GAL, desagertuak, torturak, entrega ilegalak, deportazioak, eta abar”. Euskadi Irratian aurreratu dutenez, gizateriaren kontrako delituak egitea egotziko diote Barrionuevori.
GALen lehen ekintza Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketa izan zen.
Nabarmentzekoa da, Barrionuevok berak adierazia duela, besteak beste, Joxemari Larretxea bahitzea agindu zuela, 2022an El País egunkarian egindako elkarrizketa batean. Segundo Mareyren bahiketan izan zuen rolagatik, hamar urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 1998an. Ordea, Jose María Aznarren gobernuak emandako indultu partzialari esker, hiru hilabete baino ez zituen egin kartzelan.
Ostiralean, agerraldia
Kereilaren nondik norakoak azaltzeko, prentsa agerraldia egingo dute ostiral honetan, Bilbon. GALek hil zituen Santi Brouard eta Xabier Galdeanoren alabak izango dira bertan, Edurne Brouard eta Bego Galdeano, baita Maddi Bilbao eta Óscar Sánchez abokatuak eta Giza Eskubideen Behatokiko koordinatzaile Agus Hernan ere.