argia.eus
INPRIMATU
Bolaños ministroari azalpenak eskatuko dizkiote EH Bilduk eta EAJk, Barrionuevoren adierazpenengatik
ARGIA @argia 2022ko azaroaren 07a
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailea Espainiako Kongresuko saio batean.

José Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak (1982-1988) estatu terrorismoa harro babestu izanak hautsak harrotu ditu, eta erreakzioez gain, erantzukizun eskeak ere etorri dira.

EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen taldeak, Mertxe Aizpuruaren izenean, Barrionuevoren agerraldia eskatu du, GALen parte hartze zuzena izan zuela aitortu eta estatu terrorismoa justifikatu duela ulertuta. Horrez gain, Espainiako Gobernuak adierazpen horien inguruan duen iritzia jakin asmoz, Felix Bolaños Presidentetzako, Gorteetako Harremanetako eta Memoria Demokratikoko ministroaren agerraldia ere eskatu dute. Galdetuko diote ea elkarrizketan aitortutakoak Memoria Demokratikoaren Legearen baitan ikertu daitezkeen, ondorioak izan ditzan.

EAJk ere azalpenak eskatuko ditu Espainiako Senatuan. Estefanía Beltrán de Herediak galdetuko dio Bolaños ministroari ea lege horren bidez ikertu daitekeen Barrionuevo, eta ea "zilegi eta demokratikotzat" jotzen dituen horren adierazpenak.

Estatuak eragindako kaltea onar dezan

Bestalde, Foro Sozial Iraunkorrak gutun bat bidaliko dio Pedro Sánchez Espainiako presidenteari, "Estatuak eragindako kaltea onartzeko" eskatzeko. "Espainiako Estatuak aitortu behar du giza eskubideen urraketa larriak egin zituela indarkerien zikloaren testuinguruan", ohartarazi dute.

Foro Sozialak ohar batean positiboki baloratu du "eragile gehienek" Barrionuevoren adierazpenen aurrean izan duten "erantzun irmoa". Sánchezen gobernuari eskatu diote errekonozimendurako urratsak legegintzaldi honetan emateko: "Baldintzak sortuz doaz, urratsez urrats, biktimen arteko desberdinkeriarekin bukatzeko eta Estatuaren biktimak babestearen alde. Oraindik ibilbide luzea geratzen den arren, bide horretan beharrezkoa eta premiazkoa da Madrilgo Gobernuak keinu argi bat egitea. Atzo ikusi genuen eskaera horrek erakundeen eta politikarien babes handia duela".