argia.eus
INPRIMATU
Barrionuevoren adierazpenen harira, “eragindako minak aitortzea” eskatu dio Espainiako Gobernuari Egiari Zor fundazioak
  • Prentsaurrekoa egin berri du Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak. GALek hildako Santi Brouarden alaba Edurne Brouardek eta Xabier Galdeanoren alaba Begoña Galdeanok egin dituzte adierazpenak. Espainiako Gobernuak Euskal Herrian burututako gerra zikinaren aitortza eta babesa egin ditu José Barrionuevo Barne ministro ohiak asteburuan, El Pais egunkariak argitaratu duen elkarrizketan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko azaroaren 11

Espainiako Gobernuaren partetik "adierazpen argi batren" zain da Egiari Zor fundazioa eta hori "erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko". José Barrionuevo Barne ministro ohiak asteburuan El Pais egunkarian plazaraturikoaren biharamunean dator eskakizuna. Adierazi du agindua eman zuela ETApm-ko kide José María Larretxea bahitzeko, "atxilotu eta Espainiara eramateko", bera jotzen zutelako Alberto Martín Barrios kapitainaren bahiketaren operazio arduraduna: "Harrapatu zuten, baina tipo handia zen, erresistentzia jarri zuen eta ez zen maletategian sartzen. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi zen, eta bahiketa zapuztu zuen”. Bahiketa saiakera haren inguruko zehaztasunak eman zituen Larretxeak berak 1996an Egunkariaren elkarrizketa batean, Kuban deportatu zegoela.

Hori horrela, behingoan erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Horrez gain, "estatu terrorismoak eragindako krimenak ebaztea ahalbidetuko duen dokumentazio sekretua desklasifikatzeko" ere eskatu dute agerraldian.

Barrionuevoren adierazpenak egiaren berrespena besterik ez dira izan Egiari Zor fundaziokoentzat: "Ez dute lehendik ez genekien ezer berririk ekarri". Gerra zikinaren gertakariei buruz justiziak eta fiskaltzak daukaten zigorgabetasun logika deitoratu dute, beste behin.

Berria-k zehazten duenari segi, Egiari Zor fundazioko kideek iragarri dute Jose Maria Larretxea Goñiren senitartekoak aztertzen ari direla auzitara jotzeko aukera.