Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) arrazoia eman die Barrikako Barrikabaso eremu babestuan txaletak eraiki zituzten enpresei (Abandonada Muriola S.L. eta Inversiones Arne Muriola S.L) eta hori baimendu zuten erakunde publikoek 1,5 milioi euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiete. Aldundiak eta Udalak proiektua onartu arren Eusko Jaurlaritzak birritan atzera bota zuen, eremua urbanizaezina dela argudiatuta.
Barrikabaso eremu babestuan jada hamalau txalet daude eginda, justiziaren erabakiaren ondorioz eraisteko arriskuan egon zirenak. Eraikuntza enpresek proiektu handiago bat zuten prestaturik, Bizkaiko Aldundiaren eta Barrikako Udalaren babespean, baina justiziak proiektua bertan behera uzteko agindua eman zuen. Orain, EAEANk, eragindako kalteengatik, bi erakunde publikoak 1,5 milioi euroko kalte-ordaina ematera kondenatu ditu.
1990ean 349 txalet, hotel bat eta golf zelai bat hartzen zituen proiektuak bere barnean, baina Eusko Jaurlaritzak eremu urbanizaezin izendatua zuen Barrikabaso 1988rako. 1997an bigarren saiakera bat egin zen 85 txalet eta 12 pisu egiteko asmoarekin, baina, berriz ere, Jaurlaritzaren ezetza jaso zuten. Txipio Bai erakunde ekologistak hiru aldiz errekurritu zuen eremua berriz kalifikatzeko saiakera, eta bertan behera geratu zen. 2015ean Barrikabaso babes bereziko eremu izendatu zuten.
Eraikuntza enpresak hartzekodunen konkurtsoan sartu ziren operazioa bertan behera geratzearen ondorioz eta kalte-ordainak eskatu zituzten. Arrazoia eman die epaitegiak, baina ez osorik: eskatutako 4,9 milioi euroetatik 1,5 jasoko dituzte enpresek.