argia.eus
INPRIMATU
Sandra Barrenetxeak bera torturatu zuten hiru guardia zibil ezagutu ditu
  • Une gogorrak bizitu dituzte asteazkenean Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Sandra Barrenetxea atxilotu zuten lau guardia zibilek asteartean deklaratu zuten eta asteazkenean aurrez aurre ezagutu ditu.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 15
Akusatutako lau guardia zibilak (Arg.: EFE)

Akusazio partikularrak hemeretzina urteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusatuentzako: hamar sexu erasoengatik, sei torturengatik eta hiru lesioengatik. Fiskaltzak eta defentsak, berriz, absoluzioa eskatu dute.

Sandra Barrenetxeak asteazkenean eman du testigantza, eta ondoren beste hainbat lekuko eta perituk deklaratu dute. Une gogorrak bizi izan ditu Barrenetxeak epaitegian. Entzun deklarazioaren unea.

Berriako kazetari Gotzon Hermosillak kontatu duenez, Barrenetxea tortura testigantza ematen ari zen bitartean, guardia zibilen abokatua irribarrez zegoen.

Erreharria-k sareratutako bideo honetan ikus daiteke Barrenetxea epaitegitik irten den unean jaso duen txalo zaparrada.

Sandra Barrenetxea Bilboko Justizia Jauregira iristen:

Guardia Zibilek tortura ukatu dute

Lehenengo saioan lau agenteek deklaratu dute, eta laurek dena ukatu dute. Ziurtatu dute Barrenetxearen atxiloketan dena “normala” izan zela, “Guardia Zibilak egiten dituen atxiloketa guztietan bezala”. Akusazio partikularraren abokatu Jone Goirizelaiaren galderei erantzuteari uko egin diote laurek, defentsarako abokatuaren eta fiskalaren galderei baino ez diete erantzun.

Epaiketa honek berriro eraman du torturaren auzia epaitegietara; izan ere, 2010etik ez zen guardia zibil bat erruztatuen aulkian esertzen tortura kasuengatik. 2010ean Gipuzkoako Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik, nahiz eta ondoren Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen.

Barrenetxea Ekinen aurkako operazio batean atxilotu zuten 2010eko irailean, beste zortzi lagunekin batera. Denek salatu zuten torturak pairatu zituztela inkomunikatuta egon ziren egunetan, baina Barrenetxearen salaketak bakarrik egin du aurrera. Haren kasua hiru aldiz artxibatu zuten, 2012an, 2013an eta 2014an, baina oraingoan epaitegietara heldu da.

Hemen irakur daiteke Sandra Barrenetxearen tortura testigantza.