Azaroaren 12a: 18:00etan dago deituta Euskal Tsunamiaren Barraskilo Operazioa, Hegoaldean Oiartzungo AP-8ko ordainlekutik hasita. Ordu gutxi batzuk lehenago jakinarazi dute deialdia, eta denbora gutxian bertara elkarrekin joateko hitzordu publikoak egin dituzte herritarrek modu espontaneoan herriz herri. Gasteizen 25 lagun inguru elkartu dira Amaia Zentroan 16:00etan, eta bidean Lautadako jendearekin batu dira Ziordiko gasolindegian.
Hernani parera heldu garenerako orduko 60 kilometroko abiaduran eta posizio argiak piztuta daramatzaten ibilgailuak ikusten hasi gara, aurrera egin ahala ugaritzen doazenak. Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko ikurrak haizean darabiltzate hainbat ibilgailuk.
Oiartzungo ordainlekura denboraz heldu gara, seiak izateko hogei minuturen faltan. Ordainlekuaren bestaldean 20-30 bat auto daude geldi. “Beltzen” furgoneta bat bazter batean eta hainbat kazetari hara-hona irudiak hartzen. TV3 eta La Sexta telebistetako kamerak ere bertan dira. Geldituta dagoen aurreneko autoari zer asmo dagoen galdetu, eta “ez dakigu, ordua baino lehenago heldu garenez pentsatu dugu hemen itxarotea, eta 18:00etan mugitzen hastea”, erantzun digu.
Hezur-haragizko antolatzaile ofizialik ezean inork ez daki oso ondo zer egin, gehienek aurreko autoak egiten duenaren arabera jokatzen dute. Baina noraeza umorez eta pozez bizi du jendeak. Aldarteetan antzematen da “zer edo zer” egiteko gogoa zegoela, Euskal Tsunamiaren jaiotzak tekla egokia ukitu duela. Minutuak igaro ahala, ordainlekuaren alde batean eta bestean pilatzen den ibilgailu kopurua biderkatuz doa.
Barraskilo abiaduran
Hasi gara pixkanaka mugitzen. Tsunamiaren proposamen desobedientea mugara arteko bidea 60 kilometro orduko abiaduran egitea da, baina proposamen desobedienteari espontaneoki desobeditu diote ekintzaileek. Edo obeditu: Barraskilo Operazioa izendatu dute ekintza, eta autoen abiadura hurbilago dago barraskiloenetik 60 kilometro ordukotik baino. Tarteka minutu batzuk erabat geldo, tarteka 10 edo gehienez ere 20 kilometro orduko abiaduran mugitzen dira ibilgailuak.
Proposamen desobedienteari espontaneoki desobeditu diote ekintzaileek eta martxa gelditu dute
Ez da karabana konpakturik sortu gure inguruan behintzat: bost edo hamar ibilgailuko multzo sakabanatuek okupatzen dute autobidea. Orain 50 metrotara, orain 100era elkarrengandik aldenduak; orain klaxonaz in-de-pen-den-tzi-a jo, orain mutu; orain autotik irten eta autobidearen irudi fantasmagorikoa gozatu, orain autora itzuli eta metro batzuk egin.
Ertzaintzaren kontrolen, identifikazioen eta jarrera zakar batzuen berri heltzen zaigu sareetatik, baina gure inguruan presentzia urria da eta ez dago tentsiorik. Furgoneta batek aurreratu gaitu, kostata, oinez doan Ertzainak “avancen” agintzen duen bitartean. Pasatzen uzten dio jendeak, “avanzar” baino gehiago. Aurkako norabidean zenbait furgoneta pasatu dira argiak piztuta eta abiadura bizian. Amaiera aldera autoak grabatzen ari den ertzaina ikusi dugu. Batzuek susmoa agertu dute, irudiak matrikulak identifikatzeko eta aurrerago etxera isunak edo notifikazioak bidaltzeko erabiliko ote dituen Barne Sailak. Azken finean, Eusko Jaurlaritzak argi utzi du ardura gehiago merezi dutela berarentzat “merkantzien” askatasun “ekonomikoek” espetxeratutako pertsonen eta herrien eskubideek baino.
Tirri-tarra, mugara hurbiltzen ari gara. Oiartzungo ordainlekutik mugarako 12 kilometroak egiteko bi ordu erabili ditugu –bataz beste 6 kilometro orduko abiadura–. Ondoko autotik gidaria galdezka: “Zein da plana?”; “Ez dakigu, Tsunamiren kontutik diote Ertzaintza autoak gelditzen ari dela mugan. Gomendatzen dute heldu aurretik ikurrak kendu, posizio argiak itzali eta ataskoan harrapatuta gelditu garenaren bertsioa emateko isunak ekiditen saiatzeko”. Baina gu heltzerako ez dago kontrolik, ezta mugara iristerik ere. Muga baino metro batzuk lehenago Ertzaintzak autobidea moztuta du eta trafiko guztia Berarako errepidera desbideratzen du.
Bi orduz errepide hutsetan mugitu bagara, orain autoz eta kamioiz lepo daude bazter guztiak. Kaosa handia da ibilgailu pilaketagatik, eta ematen du Ertzaintzaren dispositiboak baretu baino handitu egin duela anabasa izugarria.
Hainbat itzulinguru egin ostean lortu dugu muga autobidetik zeharkatzea. Lapurdiko sarrera CRSen furgonetek okupatu dute eta ez diote inori bertan geratzen uzten. Gasteizera buelta egiteko autobidera sartzen saiatu gara berriz ere, baina poliziak Gaintxurizketa arteko sarbideak itxi ditu. Horra arteko kilometroak trafikoz gainezka egin ditugu. Kaosak jarraitzen du muga inguruko errepideetan 21:15etan, Gasteizera bidea hartuta zonaldea atzean utzi dugunean.
Muga itxiz aukera ireki
“Elkartasunetik elkarlanera”, zioen txio batek astearte gauean; “Herri harresietan bezala ‘elkartasunetik konpromisora’ egin dugu”, beste batek. Eraginkortasun handiko ekimen desobedientea izan da asteartekoa. Ordu gutxi batzuetako tartean deitu eta gauzatu da. Sei orduz izan du muga kolapsatua, komunikabide askoren lerroburuak okupatu ditu eta Eusko Jaurlaritzak aurretik eta ondoren egin ditu balorazioak. Iturri batzuen arabera 15 kilometroko auto-ilarak sortu dira eta ehunka izan dira parte hartu duten ibilgailuak. Balorazio baikorra egin du Euskal Tsunamiak, baina Kataluniatik datorrenari itxaron gabe geure buruak geure ekimenez aktibatzera ere deitu du. Kataluniatik, Tsunami Democráticek aukera zabalik utzi du: “Ekimen honek ekintza bateratu eta konbinatuen frontea irekitzen du. Hurrengo hilabeteetan aztertuko dugu gaia". Gauza batak ez du bestea kentzen, posible da ekimen propioak eta Kataluniarekin koordinatutakoak antolatzea.
Hobetzeko zenbait gauza agerian geratu dira normala den bezala, komunikazioari dagokionez batipat. Baina proposamenean asmatuz gero gogorik, ilusiorik eta giharrik badagoela ikusi da. Hori da garrantzitsuena, ezbairik gabe. Denborak esango du euskal herrigintza gai den Behobian zabaldu duen aukera ederra aprobetxatzeko. Saiakera behintzat egin nahi bada, abenduaren 18a ez da data txarra Kataluniako Tsunamiarekin bat egiteko baina ekintza propio berezitua antolatuz; gurean ez baitago Bartzelona-Real Madril partidarik egun horretan.