argia.eus
INPRIMATU
Barraketako sexismoa saihesteko neurriak hartu ditu Urduñako Udalak
  • Urduñako Udaleko Berdintasun Arloak jaietan sexismoa ekiditeko hainbat ekimen jarri du abian. Batetik, "Jai parekideen alde. Errespeta nazazu!" kanpaina egon da, indarkeria egoerak murriztu edo desagertzea helburu duena. Aurten, gainera, txosnagunetik eta tabernetatik harago, barraken eremura ere hedatu da kanpaina. Izan ere, haurren jolas eremuetan herritar asko pilatzen dira, eta sentsiblizazioan eragiteko espazio gisa katalogatu du udalak.

Aiaraldea @aiaraldea 2016ko maiatzaren 17a
Barraketako irudien sexismoa eragozteko neurriak hartu ditu udalak (Arg.: Urduñako Udala).

Bestalde, barraketako irudiak sexistak izaten direnez hainbat kasutan, klausula berri bat ezarri da eskaera eta baimen orrian. Hala, barraketan ez dira irudi sexistak onartuko. Jai parekideak sustatzeko barraken eskaera orriarekin batera dokumentazio grafikoa eskatu zaie enpresa horiei, hots, atrakzioen argazkia. Era horretan, Berdintasun eta Kultur Arloek emakumeen objektualizaziorik ematen den aztertuko dute baimena eman edo ez erabakitzeko. Horrez gain, behin barrakak instalatuta ikuskapen lanak egin ditu udalak, eta ondoren, txostena. Horrela, datozen urteetarako hobekuntzak planteatuko dituzte, Urduña hiria eta festetan ere berdintasunean bizitzeko aukera bermatze aldera.

Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra