argia.eus
INPRIMATU
Barne eztabaida abian jarri du ETAk, erabakitze eskubidearen aldeko indar metaketa errazteko asmoz
  • Atzera begira jarriko da ETA, aurrera begirako “erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko”.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 18a

Eztabaidaren nondik norakoak jasotzen dira ETAk Gara-ri bidali dion agirian: “Atzera begirako irakurketa egingo du Erakunde osoak, bere historia eta estrategia aldaketatik hona egindako ibilbidea aztertuko ditu. Oinarri horrekin, aurrera begiratuko dugu, ETAren funtzioaz eta zikloaz erabakiak hartzeko”

Eztabaidaren “garrantzi historikoa azpimarratzeko” Felix Likiniano anarkistak egindako aizkora eta sugearen egurrezko tailu originalaren argazkiak erakutsi ditu ETAk, eta eztabaida garatu bitartean euren logotipoa hori izango dela adierazi dute.

Eztabaida oztopatzen saiatuko direla adierazi dute, hala ere, “garaiz eta lekuz kanpoko intoxikazio, operazio edo adierazpenen gainetik, une honetan nabarmendu behar dugu kidegoak duela hitza eta erabakia, mahairatutako proposamenaren gainean”.

Agiriaren hasieran, uztailaren 31n hil zen Kepa Del Hoyo presoa izan du gogoan, eta bere militantzia aldarrikatu nahi izan dute, senide eta hurbilekoei besarkada ematearekin batera: “Bere oroitzapenak soilik samurtzen du barru-barruko samina. Bere oroitzapenak eramango gaitu askatasunaren bidean aurrera egitera. Kepari eta Kepa bezalaxe dena eman dutenei esker iritsi baikara honaino, etorkizuna borrokatzeko eta irabazteko aukera hezurmamitzeraino”.