argia.eus
INPRIMATU
Barkoxe, Gabadi eta Domintxineko etxaldeen aldeko diru bilketa
  • Beren hegaztiak hiltzeari uko egin zioten hiru baserritarrek lortu zuten ahate eta oiloak bizirik atxikitzea, Iparraldeko beste laborari, herritar eta hautetsien laguntzaz. Baina ordainetan, 20.000 euro kostako zaizkien analisi garestiak egitera behartu ditu administrazioak. Ordaindu ezin dituzten gastuok kitatzeko Iparraldeko nekazari txikiak dirua biltzen ari dira.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko maiatzaren 23a
Laborari, hautetsi eta herritarrak apirilaren 14an agintariek bidalitako funtzionarioei aurre egiten Zuberoako Barkoxen. (Argazkia: Euskal Irratiak)

Zirrara handia eragin zuen apirilean Barkoxe, Domintxine eta Gabadiko hiru baserritarrek hegazteak hiltzeko aginduari aurre eginda lortutako garaipenak, inguruko herritarren laguntzaz erdietsitakoak, ez funtzionario eta jendarmeei aurre egin gabe, bideo honetan ageri denez:

Orain ELB sindikatuaren Laborari aldizkariak zabaldu du kanpaina deia. Irabazitako borroka bat hiru baserrientzat zama astunegia gerta daitekeelako, funtzionarioek ezarritako baldintzengatik.

Izan ere, agintariek onartu zieten ez hiltzea beren ahate eta oiloak, ontzat emanez aurkeztutako argudioak, baina baldintza zorrotza ezarri zieten: hegaztion analisi oso zehatzak egin behar dituzte, agintariek granja industrialei ezartzen dizkienak bezalakoak. Baserritar txikien arlo guztietan ezagutzen eta nozitzen duten taktika darabilte funtzionarioek, gripearen krisia  beren eredua indartzeko probestu nahi duten industrialen bultzadaz.

ELBk bere oharrean nabarmendu du beste xehetasun deigarri bat, nekazaritza politiken burugabekeria erakusten duena. Hiru baserritarrek beren sakelatik pagatu behar dituzte 20.000 euro kostako zaizkien analisiak, administrazioak ez baitie horretan lagunduko. Aldiz, hegaztiak alferrik hiltzen utzi izan balituzte, orduan administrazioak oso diru kopuru antzekoa osatuko zuten kalte-ordainak emango zizkien.

Laguntzeko borondatea duenak webgune honetan aurkituko du donazioa egiteko modua.