Justitia et Veritas eskuin muturreko erakundeak jarri zuen salaketa 2013an eta, dagoeneko auzitegi ugarik atzera bota badituzte ere elkarte honen tesiak, gaia itxi du ostegun arratsaldean Kontuen ganberak emandako ebazpenak.
Elkarteak 2013an jarri zuen salaketa eta honen arabera, Uxue Barkosek iruzur egin zuen 2008tik 2013ra Iruñeko Udaleko zinegotzia zela 208.000 euro eskuratzean. Udal bileretan parte hartzeagatik zinegotziei zegozkien dietak ziren, baina elkarteak salatu duenez, Barkosek ez zuen denbora nahikorik izan bilera horietan parte hartzeko, bai garai horretan Espainiako Kongresuko diputatua izan zelako eta baita minbiziak jota egon zelako ere.
Iruñeko Udaleko finantza zerbitzuek, Nafarroako Lurralde Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak ere atzera bota izan dute salaketa lehenago. Orain Kontuen Ganberak esandakoaren arabera, Uxue Barkosek 55.398 mila euro kobratu zituen eta ez 208.000 euro, hau Geroa Baiko talde osoak eskuratutako dirua baitzen.
Horrez gain, ebazpenak dio ez duela ikusten Barkos bilera hauetan ez egoteko ezinezkorik eta, gaia ikertu duen Espainiako poliziaren txostenek diotenez, hauek egingarriak zirela. Kontuen Auzitegiaren arabera, akusazioaren datuak akatsez josiak ziren: esate batera, Barkosek egindako bilerak ez ziren 700 izan, 497 baizik.
Hori bai, eta auziak gai hau aztertu ez badu ere, ebazpenean argi aipatzen da 1999tik 2013ra dietak banatzeko Iruñeko Udalak izan duen sistema ez dela egokiena dieten ordainketaren kontrola ongi eramateko. Sistema honetan urteko udal bilera kopurua aurreikusten zen eta horren arabera zinegotziei dirua aurreratu egiten zitzaien, urteko bi ordainketa eginez. Ondoren, zinegotziak edo bere taldeko buruak, sinatzen zituen akten agiriak, esanez bertan egon zen ala ez; horren arabera, alkateak azken ebazpena ematen zuen ordainketa egiteko.