argia.eus
INPRIMATU
Barkos eta Urkullu lehendakariek harreman bide iraunkorra ireki dute
  • Ez da bi erkidego autonomoetako bi lehendakari biltzen diren lehen aldia, hainbatetan bildu izan dira azken 30 urteotan, baina ostiralekoak arreta berezi erakarri du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 25
Barkos eta Urkullu lehendakariak lehenbiziz bildu dira Iruñean. (Arg.: EITB). Barkos eta Urkullu lehendakariak lehenbiziz bildu dira Iruñean. (Arg.: EITB).

Uxue Barkosek Iruñeko Nafarroako Jauregian egin dio harrera Iñigo Urkulluri eta izandako bileraren ostean berau oso emankorra izan dela adierazi dute elkarrekin egindako agerraldian. Lehenbiziko hitzak euskaraz egin dituzte biek.

Kontzertua eta Hitzarmen ekonomikoa, euskara eta kultura, ETBren LTD seinalea, hezkuntza eta osasuna, turismoa, lehen sektorea, ekonomia, finantzak eta beste hainbat gai jorratu dituzte bileran. Barkosen esanetan, bilkuraren lehen helburua zen “bi instituzioen arteko elkarlanean sakondu eta normalak behar zuketen harremanak berreskuratzea”. Urkulluk adierazi duenez, “lehenbizikoa izateko, bilera emankorra izan da”.

Gaur egun bi gobernuek 17 hitzarmen dituzte hainbat gaietan eta horien gainean harreman eta elkarlana sendotzen jarraituko dutela adierazi du bi lehendakariek. Horretarako, jardunbide iraunkorrerako harreman esparru bat abiarazi dute eta datozen asteetan bi gobernuetako ordezkaritzak aipatutako gaien gainean lanean hasiko dira. Urkulluk, halaber, hurrengoan Gasteizen biltzera gonbidatu du Barkos.

EAEren eta NFEren harreman korapilatsuak

Harremanetarako jardunbide iraunkorra, hori da ostiraleko bileratik atera den kontzepturik esanguratsuena, eta badu antz handia azken 20 urteetan bi erkidegoen artean dantzan aritu den beste kontzeptu ezagun batekin: EAE-NFE organo komun iraunkorra.

1996an Javier Otano Nafarroako Gobernuko lehendakaria zela, PSN, CDN eta EAk osatutako hiruko gobernuak sortu zuen organo komun iraunkor hori. Otano eta Ardanza lehendakariek sinatu zuten akordioa eta Espainiako Gorteetara ere bidali zuten, honek onar zezan. Ez zen horrelakorik gertatuko, Madrilera iritsi eta egun batzuetara Otanok dimisioa aurkeztu zuen, Suitzan bere izenean topatutako kontu korrontearen afera tartean.

CDNko buru Juan Cruz Allík hartu zuen Otanoren lekukoa behin-behinekoz, baina denbora laburrez, irailean Nafarroako Legebiltzarrak UPNko buru Miguel Sanz hautatu baitzuen lehendakari. Sanz errotik moztu zuen ekimena. Gaur arte. Oraingoan ez da halako akordio iraunkorrari buruz ezer aireratu, baina dagoeneko abian da harremanetarako bide iraunkorra.