argia.eus
INPRIMATU
Jon Iurrebaso Atutxa
Barkatu
  • ETAk 2018ko apirilaren 20an, plazaratutako oharra irakurri ondoren, eta geroago bestelako iruzkinik egiteari utzi gabe, ondorengo hau adierazi beharrean gaude:

Jon Iurrebaso Atutxa 2018ko apirilaren 21

Lehenik, badagoela ETAk aintzat hartzen ez duen kontu bat, kontu nagusia dena, hain zuzen. ETA Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala erdiesteko izan zen sortua. Horrenbestez, lehenengo eta behin, barkamena eskatu egin beharko lioke Euskal Herriari borroka bertan behera uzteagatik, bere jaiotzako zergatiaren helburuak lortu gabe

Bigarrenik, barkamena eskatu egin beharko liekeela borroka honetan bizia eman duten ehunka militanteri (eta militante ez zirenei), hau da, gizakion gauzarik preziatuena galdu dutenei. Barkamena eskatu egin beharko lieke, Euskal Herriaren askapen osoaren defentsan hilik eta erailik suertatu diren ehunka militanteen senide guzti-guztiei.

Barkamena eskatu egin beharko lieke preso guzti-guztiei, bai eta, deportatu eta iheslariei ere, ezinezkoa dutenak Euskal Herrira itzultzea, berehalako espetxeratzea jasango zutelako. Barkamena eskatu egin beharko luke, batez ere, armategia entregatu eta gero, eta are gordinago, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialari buruzko teoria iraultzailea alde batera utzi eta gero.

Dagoeneko amore eman politika, etika eta estetika mailan (usoak eta guztirekin) eta bagaje osoaren entrega egin duen garaian, are gehiago, ETAk dio halakorik inoiz ez zuela gertatu behar, hau da, Euskal Herriaren eta Euskal Langileen biziraupenaren aldeko borroka politiko eta militarrean emandako 60 urte inguruz ari da.

ETAk barkamena eskatu egin beharko lieke preso guzti-guztiei, bai eta, deportatu eta iheslariei ere, ezinezkoa dutenak Euskal Herrira itzultzea, berehalako espetxeratzea jasango zutelako

Baten batzuek galdetzen diogu gure buruari ea egunen batean ikusiko dugun, hainbeste barkamen eta gezurren aurrean, jaio izateaz damu den baten bat, eta hori dena gure etsaiak gustura gera daitezen, era berean, ordenari eta sistemari atxikitako alderdiek, aginte burgesaren edo erreformistaren alderdiek eta Estatuek, den-denak kapitalaren tresnak direla, hutsune bat uzten diote balizko euskal erresistentziari, gure etsaien igerileku mugarrituetan nabigatzen duena pozez eta obediente.

Hartara, ETAk daukana entregatzeaz gain, ez daukana  ere entregatu egiten du, alegia, halakorik berriz inoiz ez gertatzeko promesa egiten du, eta modu horretara, baldintzatzen du Euskal Langileen etorkizuneko jardunbidea, bai eta, euren borrokarekin bat datozen dinamikak eta lanabesak ere, eta kontu guztiz larria da.

Modu berean, ETA desagertuko balitz, egoera desberdinean biziko ginatekeela zioten argi eta garbi oraingo Ezker Abertzale Ofizial eta Erreformistako zenbait goi-lagunek. Guzti haiek ongi zekiten orduan eta ongi dakite orain ere, gure etsaien sistema barruan egonik, ezin daitekeela ezer egin ez herri gisa, ez eta, klase gisa ere, eta oso kezkagarria da. ETAk ere, bisten denez, ongi daki hori.

                                      Jon Iurrebaso Atutxa, ETAko preso politiko ohia.