argia.eus
INPRIMATU
Barkatu eragozpenengatik? Ezta pentsatu ere! Jarraituko dugu!

Berango Lurraren Defentsan 2023ko azaroaren 22a

Porlanarekin negozioa egiteko joera suntsitzaileak ez dauka etenik Berangon, eta une honetan aldi berean ari gara bizitzen bi momentu garrantzitsu. Batetik, Otxantegi indarrez husteko data ezarri dute: azaroaren 23. Bestetik, Otxandategi lursailean obrak hasteko prozedura une erabakigarri batean sartu zen uda erdian: birpartzelazioa. Hau da, obrekin aurreikusten duten etekin ekonomikoa jabeen eta udalaren artean banatzeko prozesua.

Halakoetan, etekin handiena lortzen du presio handiena egiteko jabetzen ehunekoa duenak, abokatu garestienak ordaintzeko dirua duenak, eta trikimailuez aprobetxatzeko ezagutza duenari ordaintzen dionak: Aguirre-Lipperheide familiak, hain zuzen ere. Aguirre-Lipperheidetarrek Berangoko lurren %70 baino gehiagoren jabetza dute, eta mendez mende jabetza horrekin denon dirua poltsikoratu eta poltsikoratu ibili dira. Azken hogei urteotan Otxantegin eraikitzeko plan eta negoziazioetan lur horien jabetza izateagatik lortuko duten etekina gutxienez zazpi aldiz hazi da. Obra horiekin 30 milioi euro lortzea espero dute (30.000.000 euro, bai), lur emankor batzuen jabetza heredatu dutelako, besterik ez. Otxantegi bezalako arnasgune batekin espekulatzeagatik. Lobby baten parte dira, lur-jabe klasikoak. Eta haiekin batera Amenabar bezalako eraikin enpresa eta promotoreak.

Espekulazioa ez litzateke posible Berangoko udal-gobernuaren konplizitaterik gabe. Zergatik ez dute alokairu soziala bultzatzen? Zergatik Babes Ofizialeko Etxeak (BOE) minimoan? Etxebizitza horiek ez dutelako dirurik ematen

Espekulazioa ez litzateke posible Berangoko udal-gobernuaren konplizitaterik gabe. Zergatik ez dute alokairu soziala bultzatzen? Zergatik Babes Ofizialeko Etxeak (BOE) minimoan? Etxebizitza horiek ez dutelako dirurik ematen. Aguirre-Lipperheide familiaren etekinen aurrean, Berangoko udal-gobernua prebarikazioan dabilela dirudi, hau da, ezikusiarena egiten. Zertarako? Negozio horretatik %15 ziztrin bat lortzeko, eta diru horrekin, gainera, etxebizitza duinen eredu bat ez bultzatzeko. Legeak betetzeko minimoetan ari dira, herriari ogi-apurrak eskaintzen eta suntsipen ekologiko aldaezina gauzatzen. Ekozidak dira, eta, hain zuhurrak, non birpartzelazioaren alegazioetan argudiatu ahal izan baitugu ez direla ezta BOE kopuru minimora iritsi.

Pelotazo horiek denok ordaintzen ditugu. Bizitza bizigarriak eraikitzeko aukerak galduta, osasuna galduta, bioaniztasuna galduta, etxebizitza duin bat izateko eskubidea galduta. Euskal Herrian nagusi den hirigintza-eredu hau onartezina da. Ez dira etxeak falta (etxebizitza hutsak, gutxienez, 275.000 dira Euskal Herrian), etxeak gero eta garestiago daude. Beste politika publiko batzuk behar dira, herriaren eta langileriaren mesedetan, eta ez lur-jabe eta enpresa handien mesedetan.

Gu eragozpenak gara eurentzat, gure presentzia eta aldarrikapenetatik hasi eta jarritako alegaziora arte. Eta horrela izaten jarraituko dugu. Lurra defenditu! Otxantegi ez ukitu!

Berango Lurraren Defentsan taldea