argia.eus
INPRIMATU
Barkamen eske, #155ariEZ manifestazioaren arrakastagatik
  • Zapore mingotsa utzi dit azaroaren 4ko Bilboko manifestazioaren biharamunak. 155. artikulua salatzeko manifestazio arrakastatsua egin, eta zertaz hitz egin zen astelehenean? Euskal Herria ez da Katalunia.

Unai OƱederra @uonederra 2017ko azaroaren 14a

Hemen ez ditugu hango hedabide publikoak. Ez galtzeko modukoa da astelehenean Radio Euskadiko Ganbara saioko kazetariak Gure Esku Dagoko Zelai Nikolasi egin zion galdeketa (2h20min-tik aurrera hasten da). Ez da zaila Zelai itsutzen duen foko zuri bat imajinatzea bere aurpegi aurrean. Ikaragarria.

Han milioika pertsona mobilizatu dituzte hainbat urtetan zehar kristaltxo bat ere hautsi gabe. Hemen larunbateko manifa ostean pintaketak agertu dira hainbat batzokitan. Urrun daukagu, oraindik, Kataluniako kultura ez biolentoa.

Prozesuaren motorra diren hango mugimendu sozialak ez dira hemengoak. Larunbateko manifestaziora EAJ ez dator, eta Gure Esku Dagok egiten du autokritika. Hedabideak ikusita, badirudi Gure Esku Dagoren errua dela EAJk manifan ez parte hartu izana. Aizue, EAJ erabakitzeko eskubidea duen alderdi autonomo bat da, eta egokiena iruditzen zaiena egiten dute. Hori ez dago gure esku, ez dago Gure Eskuren esku.

155. artikuluaren aurrean GEDek uste du Euskal Herrian mobilizatu egin behar garela. EAJk uste du ezetz. Zer egingo luke Kataluniako mugimendu sozialak? Manifestazioaren arrakasta hauspotu eta alderdi abertzale batek ez parte hartu izana tristuraz azpimarratu, akaso deitoratu, are kritikatu, agian.

Hemen, ordea, autokritika da egiten dena, “ez dugulako asmatu EAJ erakartzen”. Autoflajelazioa; beste harri bat gehiago motxilara. Ia-ia, mobilizazioaren arrakastagatik barkamen eske gabiltza… Baina, zer gertatu da, benetan?

Nik, hemen, nire ikuspegia emango dut. Ea jende gehiagok parte hartuta, pasa dena ahalik eta modu zintzoenean deskribatzea lortzen dugun:

Urriaren 24ko astea da. 155. artikulua etortzear, eraso larria demokraziari, gure aurka ere erabil daitekeena. Erantzun ahalik eta zabalena prestatzeko beharra, bilera (EAJ ez dator eta dio manifestazioan ez duela parte hartuko) eta prentsaurrekoa urriaren 26rako aurreikusten da, Puigdemontek DUIa aldarrikatuko duen eguna (printzipioz). El Correo-ko albiste honekin esnatu gara 26 hartan.

Eta ondoren dator EAJ manifara ez etortzeko arrazoia azaltzen duen albistea: Puigdemontek DUIa aldarrikatu ordez hauteskundeetara deitzeko lanean dabiltza jo eta su Urkullu eta Ortuzar. Osteguneko prentsaurrekoa bertan behera utzi eta astelehenera pasatzen da, ostiral hartan bertan DUIa eta 155.a baitatoz.

Gauzak horrela, normala denez, manifestazioaren deitzaileek adierazpen bat adostu dute, manifestaziora joango direnek partekatzen dutena idatzita; ez, etorriko ez direnei gustatuko ez zaien zerbait jartzeko beldurrez idatzita.

Beti esan izan da zentsura eraginkorra dela, baina askoz gehiago mugatzen gaitu autozentsurak, aurrera egitea galarazteraino.

Saiatu ginen ahalik eta manifestazio zabalena egiten, ezin dugu inor behartu parte hartzera, ordea. Ginenon artean gauzak ahalik eta egokien egiten saiatu ginen, eta emaitza oso ona lortu genuen, aurreko bi manifestazioetan baino jende gehiago bildu baikinen Bilbon. Zorionak manifestazioko deitzaileei, bene-benetan!