argia.eus
INPRIMATU
EAJk atzera egin eta Barik txartelaren deskontua mantenduko dute
  • Hasiera batean alderdiak garestitu egin nahi zituen Barik txartel anonimo eta aldi baterako abonuak, baina azkenean atzera egin du. Beherapena berriz otsailaren bigarren erdialdean indarrean sartuko dela aurreikusten du.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 04a

EAJk atzera egin du, eta jakinarazi du txartel guztiei orain arteko %50eko beherapena aplikatzen jarraituko dutela Bilbobusen, Bizkaibusen eta Metroan. Beraz, ez da beharrezkoa izango txartela pertsonalizatzea deskontuak izateko, eta beherapena aplikatuko zaie Barik txartel anonimoei eta aldi baterako abonuei. Asteartean ARGIAn jaso genuenez, 2024ko urtarrilaren 14tik aurrera Barik txartelarekin egiten diren bidaiak garestitzea erabaki zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Neurriak polemika sortu du, batez ere hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologistetako kideen artean.

Hala ere, beherapena ez da indarrean sartuko urtarrilaren 14an. EAJk adierazi du otsailaren bigarren erdialdetik aurrera aplikatuko dela, ezin baita lehenago martxan jarri legez ezarritako epeak direla eta.

Ostiralean izango dute ezohiko batzarra, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidente eta ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek neurria bertan behera uztea proposatuko du, EITBk jakinarazi duenez. EAJren partzuergoko kide guztiak “bat datoz” neurri horrekin, eta ostegun honetako bileran “bermatuta dago” neurri hori onartzea.

Eragileen presioa

Hasierako neurriak hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologista asaldatu ditu. Asteartean Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, eta ostegunean Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan bildu dira Garraio publikoaren garestitzeari ez! lelopean, erabakia atzera bota izana ospatzeko.

Esaterako, Sukar Horia mugimenduak bere sare sozialetan bat egin du osteguneko elkarretaratzearekin: “Gaur kalera aterako gara ospatzeko garraio publikoaren garestitzea atzera bota dutela, eta Foru Aldundiari bere garraio politika aldatzeko eskatzeko, lehentasuna emanez garraio publikoari, eta ez kotxearen erabilera bultzatuko lukeen subflubialari”.

Bestalde, Ekologistak Martxan elkarteak komunikatua zabaldu du asteazkenean, hasierako proposamenaren aurka. Adierazi du txartela garestitzeak “eraso” egiten diola “gizarteko sektore ahulenen erosteko ahalmenari”. Halaber, salatu dute erabaki horrek eragingo lukeela auto pribatuaren erabilera handiagotzea: Supersur edo itsasadarraren azpiko tunela bezalako bide-azpiegituretan egin nahi diren inbertsio publikoak oso garestiak dira, eta, Aldundiaren beraren arabera, horren ondorioz, % 33 handituko da auto pribatuaren erabilera”.

Elkarteak bere “gaitzespen absolutua” adierazi du Barik txartela garestitzearen erabakiaren aurrean: “Bizkaiko Foru Aldundiak bide-inbertsioen politikan edo garraio publikorako dirulaguntzak kentzean egin duen apustua mugikortasun bidezkoagoa eta osasungarriagoa lortzeko hartu beharreko neurrien aurka doa”.