argia.eus
INPRIMATU
Barealdi gozoan, burdin hotsak
  • Inausteka sasoia hemen da. Gaur egun azaroan hasten da gudari plantak hartzen dituen moztaile jendea bere guda partikularrarekin.

Jakoba Errekondo 2021eko urtarrilaren 14a

Udazkeneko eta neguko egun motzak datozelako usaina hartzen dute zuhaitzek udaren hasierako egun luzeenetan, udako solstizioan, ekainaren amaieran. Orduan eguna mozten hasten da, eta zer datorkien jakinaren gainean hilabeteetako lana hartzen dute egun motzetako loaldirako prestatzeko. Udako egunetan ahalik eta erreserba gehien metatuko dute. Fruiturik badakarte, usain, kolore eta forma ederrenez janzten saiatuko dira, haien baitako haziak hedatu behar dituzten jaleentzako erakargarri. Hazi horiek ahalik eta gizenenak (jakiz betez) eta babestuenak (azalez ondo bilduz) atonduko dituzte; min edo zuhaiztto berria sortu arteko bidaia harrigarrirako gaitu daitezen. Era berean, ahalik eta energia gutxiena xahutzeko hostoetan duten elikagai mordoa hustu eta bere baitaratuko dute, erreserbak tototuz. Hostoei luzeago eutsi ezinik direnean, lohadarra galtzean bezalako zauria utziz partitzen dira, eta manka-manka egindako zuhaitz ama zaurituek, burubide-emaile apartek, azken anparoa erregutzen diete: pausa daitezela etengabe elikatu dituzten sustraien lur sailean, arimak eginda orbel direnean neguko hotza urrunduko baitute eta usteldutakoan udaberriko izerdi berria gozatuko duen jatena izango baitira; ekonomia zirkularra diote modernoek, amonaren alabaren alaba ama egiten denekoa. Eta hostoek utzitako zauriak itxiko dituzte. Gero, hurrengo urtean kimu berrietan eta loreetan irekiko diren begiak ezkata babesgarriekin gotortuko dituzte, hotz eta izotz zorrotzek sastakatu ez ditzaten. Eta lotara, negutzera, hartza leizezuloan bezala edo soro-muxarra pago motzaren (Fagus sylvatica) zuloan edo baratze-saguzarra habetzarraren zirrikituan. Negutzera, udaberri-udako urrats bizi-bizia lasaitu eta baretzera.    

Barealdi horretan abiarazten ditugu zerra motordunak eta motozerrak, zorrozten dira guraizeak eta entrama ematen zaie kodainei eta zerroteei. Barealdi gozoan, burdinen burdin hotsak: guda. Eta zuhaitzak lo.

Inausteka sasoia hemen da. Gaur egun azaroan hasten da gudari plantak hartzen dituen moztaile jendea bere guda partikularrarekin. Zuhaitzen sena makurrarazi eta beraiek nahi duten formara eta tamainara lotu eta behartzeko guda. Eta guda guztien arrazoibide berak baliatu eta zazpi haizetara astintzen dituzte: denon onerako da; zure segurtasuna zaintzen ari gara; guk badakigu, utzi gure esku, zu lasai. Eta, guda guztietan bezala, denok gara galtzaile. Gudetan irabazten dutenak betikoak dira. Oinarria beldurra da, beldur ziztrin bat: hostoek kaleak zikintzen dituzte.

Gaitzerdi, zuhaitzek kalteei buelta airosoago eman diezaieten, moztaileek mozketa edo epaiketa lanetarako sasoi egokira itxarongo balute, epailera, epaien ilargira, martxora...