argia.eus
INPRIMATU
Langile euskaldunak kontratatzea zergatik den garrantzitsua esplikatu du Lapurdiko esne-enpresariak
  • Esnea transformatzen duen enpresako zuzendariak hala esan du: “Nire ekoizpenez euskaraz komunikatu nahi dut, kontsumitzaileen parte bat euskalduna da eta”.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko otsailaren 17a
Argazkian Hubert Candele, Bastidarra enpresako zuzendaria (argazkia: www.astisanat.tv).

Euskal Irratietan elkarrizketatu dute enpresako zuzendari Hubert Candele. Bastidarra enpresa duela sei urte sortu zen inguruko etxaldeetako ardi eta behi esnea transformatzeko.

Enpresa azkar garatzen ari da eta zuzendaritzako idazkari-lanak egiteko langilea bilatzen ari dira, langile euskalduna. Enpresako zuzendariak azaldu die Euskal Irratiei zergatik euskalduna behar duen izan langileak: “Nire ekoizpenez komunikatu nahi dut, izan interneten edo paperean, frantsesez, baina baita euskaraz ere, zeren eta gure kontsumitzaileen parte bat euskalduna da. Eta garrantzitsua da galde horri erantzutea”.

Euskarak lan munduan duen lekuaren hariari tiraka, irratsaioan bertan Hego Lapurdiko egitasmo baten berri eman dute. Hizkuntza teknikaria den Sylvie Chenalek behar horri erantzuteko lan berri bat abiatu dutela azaldu du: “Otsailaren lehenean arribatu da teknikari bat eta bere lana izanen da laguntzea gure eremuko enpresei euskararen erabilera emendatzen. Enpresei proposatuko die laguntza bat euskara erabil dezaten. Beste helburu bat da loturak sortzea Hegoaldeko enpresekin, hemengo enpresek ere ikus dezaten zer irabazten ahal duten euskara erabiliz”.