Poligonoaren Aurkako Asanbladak deituta, igandean egin duten martxan 300 pertsona inguru izan dira. Tiro praktika eremua kentzeko eskaera izan da aldarri nagusia, baina beste bi gairi lekua egin nahi izan diete beren protestan. Batetik, Palestina eta munduan gerra jasaten ari diren beste herrialde guztiekiko elkartasuna adierazi dute. Eta bestetik, Gladys del Estal ekintzaile ekologista oroitu dute.
Milagros Rubio eta Eduardo Navascues ekintzaileek irakurri duten komunikatuan gogorarazi dute lau urteren buruan, Espainiako Defentsa ministerioaren eta Bardeetako Komunitatearen arteko hitzarmena amaituko dela, eta ez berritzeko eta eremua Parke Naturalaren parte izateko eskatu dute. "Gure arrazoiak ingurumenezkoak, pazifismozkoak, ekonomikoak eta segurtasunezkoak dira”, azpimarratu dute.
Komunikatuan bereziki adierazi dute, “aurtengo martxak palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko asmoa dauka, jasaten ari diren sarraskiaren ondorioz”. “Hala ere, ez ditugu Hamasen terrorismoak eragin dituen biktima israeldarrak ahazten, ezta Ukraniako biktimak ere”, gehitu dute. Bukaeran gehitu dute Bardeak gerra entrenamendurako erabiltzeak gatazka horien parte egiten dituela.
Astelehenean 45 urte bete dira Gladys del Estal gazte donostiarra, 23 urte zituela, Tuteran egindako manifestazio antinuklear batean Guardia Zibilak tiroz hil zuela. Ekintzaile gaztea erail zuen Jose Martinez Salak, domina jaso zuen sententzia atera eta bi hilabetera. Ekintzaile gaztearen alde minutu bateko isilunea egin dute.