argia.eus
INPRIMATU
Bardeetako tiro eremuak gero eta arrisku handiagoa sortzen duela salatu dute
  • Bardeetako natur parkea gerrarako bonben entsegu toki bezala erabiltzearen kontrako jarrera agertzeko eskatuko die Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak Nafarroako udalei, mozio baten bidez.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 16a

Laster egingo du Bardeetako Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak bere XXXII. martxa, ekainaren 3an, Gladys del Estal militante antinuklearraren heriotzaren 40. urtemugarekin bat eginez. Hori dela-eta, mozioa aurkeztuko dute Nafarroako udaletan alderdi politikoen bidez, tokiko instituzioek martxari babesa eman eta tiro eremuaren kontrako euren konpromisoa berretsi dezaten.

Bardeetako azpiegitura militarrak dakartzan kontraesan eta arriskuak nabarmendu ditu beste behin Asanbladak. Hala, diotenez, tiro eremua aspaldi geratu da txiki gaur egungo gerrarako hegazkinek erabiltzen duten munizioarentzat. Ondorioz, tiro eremua ez ezik, maniobrak egiteko Bardeetako natur parke osoa eta inguruko udalerrietako lurrak erabiltzen dituztela salatu dute, “horrek biztanleria zibilarentzat arriskuak sorrarazten ditu, eta jakina, ekintza militarrek natur guneak ere kaltetzen dituzte”.

Azken urteetan maniobrak ugaritu egin dira Bardeetan, mundu mailako tentsio militarraren gorakadaren eraginez, besteak beste. Aurkezturiko mozioan, Espainiako Defentsa Ministroari azalpen zehatzak exijitzeko eskatuko diete udalei. Horrez gain, Bardeetako Komunitateari eskatu diete tiro eremuaren erabileragatik jasotako diru edo kanona erabili dezala soilik gerrak sorturiko kalteak konpontzeko eta biktimak laguntzeko.

Ekainaren 3an, goizean tiro eremuaren atariraino joango den martxaren ostean bazkari bat ere antolatu dute. Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladaz gain, Ekologistak Martxan, EKA eta Ejea eta herrietako Gerrari Ez plataformak ere deitu dute zitara; gizarte zibilak “berriz ere pultsua hartu” beharraz hitz egin dute aurkezpenean.