argia.eus
INPRIMATU
Bardea bonbardatzen segitzeko Defentsa Ministerioak bikoiztu egin du diru-partida
  • Urtarriletik eta 2028. urtera arte urtero 14 milioi euro bideratuko dizkio Defentsa Ministerioak Bardeako Batzordeari; orain arte urtero 7 milioi izaten ziren. Kontratu bidez blindatua du aireko armadak maniobretarako eremua.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko abenduaren 10a

Diru bidez ziurtatu nahi du Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako Tiro Poligonoaren erabilera. Aurten lau aldiz erabili dute Bardea benetako bonbekin ariketa militarrak egiteko eta bide horretan segitu nahi dute. Urtarriletik aurrera eta 2028ra arte 14 milioi urtero jasoko ditu Defentsa Ministerioarengandik Bardeako Batzordeak; orain arte zazpi milioi euro jaso zituen urtero. Alokairua da modu horretan ordaintzen dutena Tiro Poligonoko 2.244 hektarea erabiltzearen truke. Espainiako Armadarena eta NATOren artean erabiltzen dute eremu hori maniobra militarrak egiteko. Aurten amaitzen da abian den kontratua eta automatikoki berrituko da urtarrilaren 1ean eta 2028ko abenduaren 31ra arte izanen da martxan. 

Espainiak du agintea Bardean

Armadarentzat baldintza berberak mantendu dituzte kontratu berriarentzako. Aldaketa nabarmenena diruan datza: bikoiztu eginen du Defentsa Ministerioak ordaintzen duena urtero Bardeako Tiro Poligonoaren erabileragatik. Hala, zazpi milioi ordaintzetik hamalau milioi euro ordaintzera pasako da. Azken urteotan asko izan dira tiro poligonoaren aurka azaldu diren taldeak. Gogoratu dute besteak beste babestutako ingurumen eredua dela. 

Albiste hau Euskalerria Irratia-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.