Bilduk eta Aralar-NaBaik Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Barcina ordezkatzeko Juan Carlos Longas proposatu dute.
Mozioak, oraingoz, ez du aurrera ateratzeko adina indarrik, PSNk babestuko ez duela esan baitu. Barcinaren dimisioaz gain, Nafarroako hauteskundeak aurreratzea du helburu alderdi abertzaleen eskariak, Bilduko Maiorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek eta Aralarreko Aritz Romeok esan dutenez.
Nafarroako Parlamentuak bozketa egin zuen orain egun batzuk Barcina lehendakaritzatik kendu ala ez erabakitzeko, eta UPNk eta PPNk bakarrik egin zuten erabakiaren kontra. Nafarroako lehendakari ohiak Caja Navarran aparteko dietak kobratu izanagatik hartu zuten gainontzeko alderdiek erabaki hori. PSNk, ordea, Barcinarengan konfiantzarik ez duela argitu ostean, bere kontrako mozioa babestuko ez duela azaldu du oraingoan.
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak Barcinaren dimisioaren eta hauteskundeak aurreratzearen alde egin du. Caja Navarraren auziaren aurrean, Nafarroako gizarteari eman dakiokeen “erantzunik okerrena isiltasuna” dela esan du. Auzian nahasturik aurkitu direnen isiltasuna “ahultasun handi baten isla” dela aipatu du, eta egoera honek hauteskunde berrien beharra dakarrela.
Bestalde, Ezkerrako José Miguel Nuinek alderdi abertzaleek aurkeztutako mozioaren alde egin du. PSNk erabakiaren kontra egitea “akats larria” dela esan du, “PSN eta gu bezala, ezkerrekoak eta progresistak kontsideratzen garenok, egoera honekin apurtzeko erantzukizuna” eduki beharko bailukete.