Nafarroako politika orokorreko eztabaidaren barruan, Yolanda Barcinak legealdia osorik betetzeko konpromisoa hartu du eta PSNri pakturako prest dagoela adierazi dio.
“Ezaguna da nire iraunkortasuna” adierazi du Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteak. "Ez ditut hauteskundeak deituko lau urterako hautatu nautelako". Hitz egiteko doinua gogortu du oposizioari esateko, zentsura mozioa aurkeztu dezaketela eta hiru edo lau alderdiko koalizioa osatu gobernatzeko. "Eta bestela, utzi gobernatzen".
Ekonomiak garrantzi handia hartu du eztabaidari sarrera emateko Barcinak egin duen hitzaldian. Nafarroa "idilikorik" marraztuko ez duela esan ondoren, Espainiako Estatuko datuen aldean Nafarroaren egoera hobea dela esateko datuak erabili ditu.
Era berean, sektore publikoko murrizketen alde egin du buruzagi foralak: “Egin behar duguna administrazioen kostua arintzea da, benetan lana sortzen dutenek, enpresarioek eta autonomoek, euren jarduera egin ahal izan dezaten karga fiskal gutxiagorekin”.
PSNri keinuka
Alderdi abertzaleei eta bereziki ezker abertzaleari kritika gogorrak egin ostean, UPN eta PSNren arteko elkar ulertzea goraipatu du Barcinak. "UPN ez da aldatu paktuak lortzeko borondatean" adierazi du. "Batzen gaituena berreskuratu behar dugu", adierazi du. "Kostatzen zait pentsatzea PSNk nazionalismoaren marra gorria pasako duela".
EAEn PSEk EAJrekin sinatutako akordioa erabili du argudio gisa Nafarroako presidenteak. "Nafarroako sozialistok. Nafarroa maite baduzue, proposatzen dizuet gaur bertan sinatzea, formula berarekin".
Osasun publikoaren egoeraz autokritikarik ez
Osasunbideari eskainitako zatian, Barcinak Nafarroako osasungintza publikoaren egoera oro har ona dela adierazi du eta kritikatu du oposizioak iritzi horren kontra erabiltzen duten argudio nagusia ospitaleetako janari txarra seinalatzea dela. Barcinak "kanporatu" hitza erabili du ospitaleetako sukaldeen pribatizazioaz hitz egiteko.
Barcinaren arabera, nafar bakoitzeko 1.634 euro gastatzen ditu gobernu foralak osasun publikoan (Espainiako bataz bestekoarekin alderatu du, 1.364 euro herritar bakoitzeko). Lehentasun nagusia Nafarroako presidentearen arabera itxaron-zerrendak laburtzea da
Kultur mezenasgoa eta alemana sustatzea
Kulturan, mezenasgo legearen alde hitz egin du, Europan mota horretako ekimen bat hartu duen lehen erkidegoa Nafarroa dela azpimarratuz (lege horrekin zalantzak edukitzeko zenbait motibo artikulu honetan).
Hezkuntzan, atzerriko bigarren hizkuntza sartzearen alde egin du Barcinak. Ingelesaz gain, alemana sustatu behar dela adierazi du Barcinak, euskarari buruzko aipamenik apenas egin duen hitzaldian.